2025 URT. 15 URRUN-URRUNEKO GALAXIA BATEAN... Ikerbasqueko ikertzaile bat kide duen astronomo talde batek banakako 44 izar identifikatu ditu Herensugearen Arkua galaxian. Hubble teleskopioak Abell 370 galaxiari ateratako irudia; 44 izar behatu dira bertan. (NASA) Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta DIPC-Donostia International Physics Centerren lanean diharduen Ikerbasqueko ikertzaile Tom Broadhurst partaide duen nazioarteko astronomo talde batek banakako 40 izar baino gehiagoren argazkiak atera ditu, argia gugana bidaltzeko unibertsoaren adinaren erdia behar izan duen urrun-urruneko galaxia batean. Zehazki, EHUk jakinarazi duenez, NASAren James Webb Teleskopio Espaziala (JWST) erabiliz, Lurretik ia 6.500 milioi argi-urtera kokatutako galaxia bat ikusi zuten, eta han banakako 44 izar identifikatu zituzten, grabitazio lenteen erabilerari eta JWSTaren sentsibilitate handiari esker ikus daitezkeenak. “Nature Astronomy” aldizkarian argitaratu da aurkikuntza, eta «aurrekaririk gabeko lorpena» izan da, EHUren arabera: urruneko unibertsoan antzemandako banakako izar kopuru handiena. «Gainera, unibertsoko misterio handienetako bat ikertzeko bidea ireki du: materia iluna». Astrofisikariek JWSTak Herensugearen Arkua deritzon galaxiari ateratako argazkiak ikuskatzean aurkitu zituzten izarrok, Abell 370 izeneko galaxia kumulu masibo baten atzean.