2025 URT. 20 Jakitatea Jon Garmendia Idazlea Bete ezinezko hutsune bat utziko du Mixel Aire Xalbadorrek etxean, Alduden, Nafarroa Beherean, Euskal Herrian, hurrenez hurren. Pertsona xumea zenez, berak ez luke halakorik erranen, baina horretarako gaude besteok. Eginak gelditu egiten dira, jakituria joaten da, eta hor zenbat galdu dugun! Lur zahar honek laborari edo artzain bat galtzen duen aldiro zauri bat nozitzen baitu. 2010ean abian ezarri zen Xilaba bertsulari txapelketako bat-bateko bere perla hau baliatu nahi nuke gizon jakintsu hau ohoratzeko: ‘‘Zuretako zer da eskola’’ galdegin zioten, eta hona bota zuen hirukoa: «Ihardetsiko badut ba noizbait bainan ez nekike nola/ bilatu behar zerbait hitz edo berdin zerbait parabola/ halare xuxen ez dut menturaz esplikatzen ahal nehola/ iduritzen zait segeretu bat handia nonbait dagola/ nik ez dutan ta behar litaikeen zerbait dugula eskola». «Behar dela ta eskasten zauku aunitzi aunitz halare/ ni ere ez naiz eskolan izan bertze haur batzuen pare/ ibili nintzan urte batzuez ta urte aunitz badaude/ hara zergatik bertsutan ere gaur ez naizen aski trebe/ hortan nere eskola hartu baitut aski eskolatu gabe». «Eskola zer den arras zaila da bi bertsutan erraitea/ ta jakin gabe eskola hortaz norbait mintza litaikea/ gai huni erantzun gabe ez dut eginkizuna betea/ bainan nahi nuke zuek guziak jakinean izaitea/ gauza bat dela eskola eta bertze bat jakitatea».