2025 URT. 30 Musikaren alamenak Ritxi AIZPURU Musika pentsalaria Musikaren ahalmena izan daiteke alamena ematea ere. Non dago alamena ematearen inflexio-puntu onargarria? Noiztik aurrera gogaituko gaitu sarri entzun dugun kantu batek? Alamena noraino da onuragarri eta noiztik aitzina gogaikarri? Musikaria kantua sortzean ez dabil alamen bila, ez du gogaitu nahi entzulea, dardarizo eragitera doa, publikoaren barruraino heltzeko. Baina kantuek, batzuetan, “tabarra” ematen dute, eta hori da alamena ematea. 1980ko eta 90eko hamarkadetan, kantuak eta diskoak urteetan egon ahal ziren irratietako zerrendetako lehen postuan. Egun, formula-irratiek 16 asteko langa pasatu ondoren (luzeen jota) “jubilatuarazi” egiten dituzte abestiak eta sailkapenak eraberritu, alamena ekiditeko. Musikaren mainstream industriak baditu beste hainbat tresna kantu, artista eta horien kontzertuek bere saltsan iraun dezaten denbora luzean. Mainstreamen boterearen inertzia sakona da, eta inork ez daki hoditeriak zer irismen duen ezkutuan. Auzoko jaietako txosnetan usu errepikatzen dute errepertorio berbera. “Berriz artista hori!”, “Berriro kantu hori,” esango du estatistika zale batek. “Hori da alamena ematea kantu batekin”, esango du psikologian adituak. Soziologoaren xedea da haztatzea alamena ematen duten kantuak eta zergatiak bilatzea. Ekologistak soinu kutsadurari erreparatuko dio, auzotarren bizikidetza eta osasuna gordetzeko. Kolektibitatea zaintzea omen da osasuntsuena. La Furiak komunitatea-kolektiboari “alamen” feminista helaraziko dio laster, orriotan, hemendik gertu.