GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Filmak «esplikatzen» zituen gizona


Zaila da azaltzea, esplikatzea, nola iritsi garen puntu honetara. Zergatik galdu zuten demokratek? Zer edo nor ote zegoen «omnibus» horretan? Susmatzen dugu «filmeko» zatiren bat edo xehetasunen bat galdu dugula, minutu giltzarri batzuk; fotogramaren batean despistatu garela, edo narrazioak ezusteko bira eman duela komunera joan ginenean. Tira dezagun metafora honetatik.

Zaharregiak garenok gogoan ditugu zeluloidezko biribilkiak zinemetara iristen ziren zaku astun haiek. Gazteenek “Cinema Paradiso”-n ikustearekin konformatu behar duzue. Izan ere, zinema-aretoak ere, istorio batek biltzen gintuen espazio magiko horiek, desagertzen ari dira. Bai, arrazoi osoa zuen Giuseppe Tornatorek. Orain ez dugu irudien bila atera behar; etxera helarazten dizkigute Netflix edo HBO Max bezalako streaming plataformen bidez. Horra hor beste paralelismo bat.

Beharbada, zinema da errealitatea simulatzen eta gainditzen gehien saiatu den artea. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esan ohi dugu. Hala ere, zinemaren etorrerarekin batera, hitzak fotograman txertatzeko egundoko ahalegin teknologikoa hasi zen. Hainbat hamarkadatan erakusten zuen narrazioari elkarrizketak eta soinua gehitzea −ulertaraztea, azken finean− bere obsesioa izan zen. Hola, zinema mutuaren garaian «esplikatzaileak» izenez ezagutzen ziren pertsonaia bitxi batzuk egon ziren. Irene Vallejok, “Infinitua ihi batean” liburuaren egileak, ederki deskribatzen du berriki elkarrizketa batean istorioa kontatzen laguntzen zuten «esplikatzaile» horien lana: azpitituluak irakurtzen zituzten, jende asko analfabetoa zelako ikusleen artean; ikusleak lasaitzen zituzten izara hartatik lokomotor handi bat ateratzen zenean; txisteak kontatzen zituzten; pertsonaien ahotsak imitatzen zituzten; kanpaiak, karrakak eta kokoak erabiltzen zituzten efektu bereziak sortzeko. Azken batean, aretoko isiltasuna arintzen zuten, nahiko deserosoa eta beldurgarria baitzen.

Pertsonaia horiek hain ospetsuak izatera iritsi ziren, non ikusleek haiei entzutera joaten baitziren, filma ikustera joan beharrean. Haietako bat Heigo Kurosawa izan zen. Kasua da zinema soinuduna iritsi zenean, «izar» handiak ziren pertsona horiek guztiak desagertu egin zirela zinema-aretoetatik; beren lekua galdu zuten munduan; hori hain jasanezina izan zen Heigorentzat, 1933an bere buruaz beste egin zuela. Orduan, bere anaia Akirak, ordura arte pintore izan nahi zuenak, zinera joatea erabaki zuen anaia hori omentzeko; funtsean, bere film guztiak Heigori egindako omenaldia dira.

Akiraren irudiak Heigoren hitzei zor dizkiogu.

Zaila da azaltzea nola heldu garen egoera honetara. Errejonen prozesuko epailearen jarrera eta bere tabernako jargoia (morrear, magreo); zergatik ez den onartzen energia-enpresen gaineko zerga... Sentitzen dugu berandu iritsi garela zinemara, agian euritik ihesi, eta filma aspaldi hasi dela. Bai, faltan botatzen dugu Heigo bezalako esplikatzaile bat. En fin.