GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFA

Merezitako harrera goxoa egin diote Nadia Erostarberi: Euskal Herritik mundura

Donostiako Aquariumean berragertu da zarauztarra, Hawaiin 9. izan ostean. Estatu mailan horrelako txapelketa batean lehiatu den lehen emakumea da.

Nadia Erostarbe, erdian, Donostiako Aquariumean egindako agerraldian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Nadia Erostarbe etxera itzuli da euskal kirolean historia egin ostean, WCTn, munduko surf zirkuiturik onenean, debuta egin ondoren. Atzo harrera goxoa egin zioten Donostiako Aquariumean. Auditorioan egindako prentsaurrekoan Euskal Federazioen Batasuneko kideak, Guillermo Gutierrez bere teknikaria, lankide eta surflariak eta komunikabide ugari ere izan ziren.

Zarauztarra, bere ohiko irribarrearekin, pozarren agertu zen bere ibilbide bikainean beste pauso bat eman ondoren, Banzain (Oahu, Hawaii) jokatutako Lexus Pipe Pro mitiko eta zorrotzean estreinakoa izan baitu.Hawaiikoa 2025ean World Championship Tour (WCT) munduko surfaren kategoria gorenean egin den lehen ekitaldia izan da. Horrela, estatu mailan surfaren zirkuiturik ospetsuenean debuta egin duen lehen emakumea izan da Erostarbe, eta bigarren euskal surflaria, estatuan Aritz Aranburu herrikidea bakarrik iritsi baita maila horretara.

PAUSOZ PAUSO

Nadia Erostarbek aurreko urtean egindako denboraldi bikaina ez zen oharkabean pasa World Surf Leaguean (WSL), eta maila pribatuko surfaren erakunde gorenak aurtengo lehen hitzordu handian parte hartzeko gonbidapena eman zion Hawaiin baja izan zen Johanne Defay ordezkatzeko.

Eta Lexus Pipe Pro txapelketan, Erostarbek debut bikaina egin zuen, bederatzigarren amaituz. Bigarren postuan amaitu zuen hasierako txandan, nahiz eta ondoren, final-zortzirenetan, ezin izan zuen 2023an Munduko txapeldun izandako Caroline Marks gailendu. Hori bai, pausoak ematen dihardu gipuzkoarra: estatu mailan Joko batzuetarako sailkapena lortu duen lehen surflaria da eta orain munduko 18 surflari onenen zirkuituan lehen aldiz lehiatu da.