2025 OTS. 13 John Fogerty Gasteizko 23. Azkena Rock Festival jaialdian izango da Creedence Clearwater taldeko buru izandako John Fogerty Gasteizko Azkena Rock jaialdira etorriko da eta kartelburu izango da, aurrez iragarritako Manic Street Preachers eta The Flaming Lips taldeekin batera. Margo Price, C.O.F.F.I.N., The Lemon Twigs eta Sarria ere batu dira ekainaren 19tik 21era egingo den jaialdira. John Fogerty, Creedence Clearwater-eko buru izandakoa, Mendizabalen izango da. (Toni CASAL | AZKENA) GARA DONOSTIA John Fogerty Creedence Clearwater Revival taldeko buru izandakoak Gasteizko Azkena Rock Festival-en 23. edizioan joko du, eta kartelburu izango da, Manic Street Preachers eta The Flaming Lips taldeekin batera, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Fogertyrekin batera, Margo Price, C.O.F.F.I.N, The Lemon Twigs eta Sarria ere ageri dira ekainaren 19, 20 eta 21ean Gasteizko Mendizabalan egingo den jaialdiko artistei buruzko azken iragarpenean. Horiek guztiak, aldi berean, aurretik iragarritako Lucinda Williams, Melissa Etheridge, Richard Hawley, The Hellacopters, P.I.L., Turbonegro, Buzzcocks, The Chesterfilds Kings eta Dead Kennedys taldeei gehitu zaizkie, besteak beste. HARRIBITXI PETO-PETOA Jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu dute John Fogerty «amerikar harribitxi peto-petoa» dela. Creedence Clearwater Revival taldeko buru zelarik, soinu propio eta bereizgarria sortu zuen, blues, country eta rock-and-roll estiloak bere lirika bereziarekin uztartuta. Rock & Roll Hall of Fame ezaguneko partaideetako bat da, eta 100 milioi disko baino gehiago saldu ditu bere ibilbide luzean. Gainera, Azkena Rock Festival jaialdiko publikoarekin zuen zorra kitatuko du. Izan ere, 2020an pandemia zela-eta bertan behera geratu zen bere emanaldia. «Egia esan, berriro ikusteko eta entzuteko irrikaz geunden, hiru urte lehenago Creedence taldearen klasikoak interpretatu zizkiguneko oroitzapen atseginaren ondoren», azaldu zuten. AEBtik helduko da Margo Price ere, eta lehen aldiz izango da Gasteizko jaialdian, kontzertu esklusiboa eskaintzen. Loretta Lynn eta Emmylou Harris handien ondarea ahaztu gabe, Margo Price abeslari eta konpositorea «belaunaldi oso baten kultuzko artista eta talentua» da, eta abestietan lantzen dituen gaiak askotarikoak dira, hala nola genero arrakala soldatetan edo estatubatuar nekazarien egoera latza. C.O.F.F.I.N hard-rock eta punk talde australiarra, The Lemon Twigs power pop bikote estatubatuarra eta Sarria pop-rock talde malagarra ere Azkena Rock jaialdiaren 23. edizioan izango dira. Jaialdirako bonuak salgai daude azkenarockfestival.com webgunean, prezio berezian martxoaren 7ra arte. Gainera, Gazte Bonuaz gain (100 euro gehi gastuak 23 urtetik beherakoentzat), Kuadrilla Bonua dago aurten, jaialdira elkarrekin doazen lagun taldeentzat: bost bonu erosi eta sei eskuratu. Epeka erosteko aukera ere badago, eta 14 urtetik beherakoek sarrera doan izango dute, aurten ere. bertan behera la inquisicionen 40 Minutu Rockeko kontzertua 40 Minutu Rock jaialdiko antolatzaileek La Inquisicion talde katalanak larunbat honetan Durangoko jaialdian ematekoa zuen kontzertua bertan behera uztea erabaki dute, sare sozialetan zabaldutako mezu batean azaldu zutenez. Azken egunetan, zenbait militante antifaxistak musika-taldeko partaide batzuk talde naziekin harremanak dituztela zabaldu dute eta antolatzaileek azaldu dute horiekin eta La Inquisicion-ekin informazioa kontrastatuta hartu dutela erabakia. Bestetik, La Inquisicionek ere sare sozialen bidez komunikatu bat zabaldu zuen. «Hau ez da nobleak eta bidezkoak kontsideratzen ditugun kausen alde gure hondar alea jartzen dugun ez lehenengo, ez azkenengo aldia, arrazismoaren eta faxismoaren aurka», aipatu zuen Bartzelonako taldeak, eta «nor garen jakin nahi baduzu, gure musika eta letrak» entzutera gonbidatu zuten jendartea.