GARA Euskal Herriko egunkaria

Osakidetzak suizidio arriskuan zeuden 2.004 pertsona artatu ditu 2022tik

Osakidetzako ospitale bateko psikiatria atala. (IREKIA)

Osakidetzak bere buruaz beste egiteko arriskuan zeuden 2.004 pertsona detektatu eta artatu ditu, duela hiru urte Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea ezarri zuenetik, EAEn Suizidioa Prebenitzeko Estrategian. Zehazki, 2022an 564 lagun izan ziren, 2023an 647 eta 2024an 793.

Lakuako Osasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, euskal estrategia 2019an jarri zuen abian, jokabide suizidaren eragina, prebalentzia eta inpaktua murrizteko. Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodearen ezartzeaz gain, beste aurrerapen batzuk ere izan dira, hala nola Osasun Kontseiluak prebentzio lanean izan duen inplikazioa, Osakidetzako Larrialdiek bideratutako 024 telefonoaren bidez emandako laguntza, Lehen Mailako Arretako Pediatriak nerabeetan depresioa prebenitzeko eginiko baheketaren ezarpena edo pazientearen segurtasun estrategian suizidioaren prebentzioa sartu izana.

Ingurune komunitarioan ere pausoak eman dira, hezkuntza arloan arreta berezia jarriz.

Estrategian aurreikusi den beste jarduketa-ildoetako bat da Osakidetzak aukera eman duela aurrez aurreko eta sareko presta- kuntza ikastaroak egiteko, osasungintzako langileei eta osasun arloaz bestelakoei, herritar orori eta kalteberatasun egoeran dauden kolektiboei zuzenduta.

Horri esker, 3.700 pertsona baino gehiago trebatu ditu 2022an abian jarri zenetik, eta Europar Batzordeak osasun mentalean etorkizun handiko praktika gisa hautatu du.