2025 OTS. 20 Inflazioa kari, Ipar Euskal Herriko ekonomia moteldu da Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak 2024ko bigarren seihileko txostenean jaso duenez, prezioen igoerak eta irabazi marjinen txikitzeak dinamika ekonomikoa moteldu egin dute. Sektore gehienetan bezala, eraikuntzaren alorrean inflazioak eragin nabarmena izan du. (Patxi BELTZAIZ) Felix THOMMEN BAIONA Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) 2024ko bigarren seihilekoari dagokion txostenean jaso duenez, prezioen igoerak eta, horren eskutik, irabazi marjinen murrizketak, dinamika ekonomikoa moteltzera eraman dute. “Kazeta”k itzuli eta moldatu du Felix Thommen kazetariaren artikulua. Bertan azaltzen denez, iragan urtarrilaren 13 eta 16 bitartean Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) igorritako inkestari 212 enpresaburuk erantzun zioten. Joan den urteko bigarren seihilekoari dagokion txostenak utzitako emaitza laburbiltzeko meteorologo bati hiztegia maileguan hartu ahal zaio. Hots, neguko zerua bezala, goibel dago ekintzaile ekonomikoen morala, baina tarteka eguzki izpiak agertzen dira. Izan ere, 2024an, aitzineko urtearekin alderatuz, hiru lurraldeetan %5 emendatu zen enpresen sorrera. PIXKANAKA JAISTEN «Covida aitzin, 1.600 enpresa likidazio inguru izaten genituen urtean. Oraingo honetan, pandemia aitzin baino 300 gehiago ditugu. Beti maila altuan gaude, baina pixkanaka jaisten ari gara», adierazi du Jon Arizmendi MIGeko garapen ekonomikoaren zuzendariak. Alta, %12 emendatu ziren lan auziak, eta, orotara, lan galtzeari loturiko 294 prozedura zenbatu ziren. Lan gatazken emendatzea kezka handiz hartu du Andre Garreta buru duen ganberak. MIGeko ordezkariek otsailaren 18an eginiko prentsaurrekoan aurkeztu zuten egoeraren azterketan irakurri daitekeenez, inflazioa bilakatu da, herritar ororena bezala, enpresaburuen buruko minik handiena. Prezioen igoerak eta, horrekin batera, irabazi marjinen murrizketak dinamika ekonomikoa moteltzera eraman zuen iaz. %44 ARRANGURATURIK Inkestari erantzun zioten enpresaburuen artean, %44 arranguraturik agertu zen prezioen igoera zela eta. Erosteko eskaeraz den bezainbatean, gibelatze handiz abiatu da 2025. urte hau, eta kutxan diru gutiago sartuko den beldur diren enpresaburuek inbertsioak murriztera jokatu dezakete. ENPLEGUAREN GAINEKO KEZKA Giro dardarti horretan, enpleguaren gaineko kezka agerikoa da. Oraindik ere langabezia tasak ez du aparteko gorabeherarik izan. Ipar Euskal Herriak %5,9ko langabezia tasarekin amaitu zuen urtea, Estatu frantsesak zuena (%7,2) baino apalagoa. Gazteak eta, oro har, goi mailako ikasketak dituzten pertsonak dira lanpostu bat xerkatzeko traba gehien dituzten herritarrak. Lan merkatuan eskaeraren eta eskaintzaren artean dagoen desoreka agerian utzi du, berriz ere, ekobarometroak. Halatan, enpresen %72k aitortu dute zailtasunak dituztela langileak xerkatzeko. Prezioen gorakada gelditu eta mozkinei dagokienez hobekuntza helduko dela pentsatu nahi dute Ipar Euskal Herriko enpresaburuek. Zerua ateri ikusi nahian edo, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak zuzenduriko galdetegiari erantzunez, %78k konfiantza agertzen dute beren enpresak duen etorkizunari buruz. EGUZKI IZPIAKNeguko zerua bezala, goibel dago ekintzaile ekonomikoen morala, baina tarteka eguzki izpiak agertzen dira. Aitzineko urtearekin alderatuz, 2024an hiru lurraldeetan %5 emendatu zen enpresen sorrera.