GARA Euskal Herriko egunkaria

Paxkal Indo, ikasle ohia: «Betharram nolakoa zen bagenekien denok»

«Non ziren orain Bayrouren aurka ari direnak guk erraten genuenean izan zirela gauza onartezinak?», galdetu du Paxkal Indok, Betharram eskolako ikasle ohiak, ikasleen aurkako bortizkeriak aspaldikoak zirela adieraziz. Interes politikoen aurrean, biktimak lehenetsi behar direla azaldu zuen atzo NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan

Paxkal Indo, Betharram eskolako ikasle ohia, NAIZ Irratian izan zen. (GARA)

Betharram eskola katolikoan zenbait hamarkadatan inpunitatez mantendu diren gehiegikeriak albisteen lehen lerroan kokatu dira azken asteetan; indarkeria fisikoa eta baita indarkeria sexuala ere, salatutako kasu askotan. Oihartzuna orain gutxi izan duen arren, Paueko inguruetan dagoen eskola horretan jazotako gehiegikeriak aspalditik ezagunak ziren hezkuntza komunitatean, senideen artean eta baita tokiko erakunde publikoetan ere. «Betharram nolakoa zen bagenekien denok», dio lau urtez (1984-1988) Betharrameko ikasle izan zen Paxkal Indo lapurtarrak. «Isiltasunak duen eragina halako sistema batean harrigarria da. Betharramen bortizkeria sistema oso ongi eramana izan da apaizengandik, baina baita beste batzuengandik ere», gaineratu zuen atzo NAIZ Irratian.

Astelehenetik ostiralera Betharrameko barnetegian lo egiten zuen ikasleetako bat izan zen Indo, eta, bertan bizitakoari helduta, mehatxuek eta beldurrak markatutako testuinguru bat deskribatu du. Nabarmendu duenez, «isiltasunak babesten du sistema. Isiltzen ez baginen, gure kontra berraktibatzen genuen bortizkeria».

Kolegioko urteak bereziki gogor oroitzen ditu. «Ikusi ditut eta bizi izan ditut hainbat injustizia», kontatu zuen elkarrizketan, eta justifikaezinak ziren eraso fisikoak ere jasan zituela adierazi zuen.

INTERES POLITIKOAK

«Oroitzapen onak» ere badituela azaldu zuen, denak lagunekin. Jokabide hori «autodefentsa sistema bat» izan daitekeela ere ez zuen ukatu, eta gaztetan bizitakoak bizitzan eragin diola adierazi: «Injustiziaren kontra pasatu dut bizitzaren parte handi bat».

Betharramen gertatzen zenaren inguruko zurrumurrua aski ezaguna zen Biarnon, Ipar Euskal Herrian eta inguruko eskualdeetan. Duela bi urte biktima ohiak antolatzen eta salaketak jartzen hasi ziren.

Hedabideetara azken asteetan heldu da gaia, hain zuzen ere François Bayrou Paueko alkatea lehen ministro izendatu ostean. Haren seme-alabek bertan ikasi zuten eta, hedabide batzuen arabera, gehiegikeria guztien berri zuen Hezkuntza ministroa izan zenean (1993-1997). Ezer bazekienik ukatu zuen ministroak, tartean, Asanblea Nazionalean. Indok azaldu zuen indarkeria orokortu horren jakitun behar zuela Bayrouk, eta adibide gisa, haurrei beldurtzeko esaten zitzaiena gogora ekarri zuen: «‘Nota txarrak baldin badituzu, joango zara Betharramera’. Zertarako errango da, jakina ez bazen leku bortitza zela?», galdegin zuen. Indarkeria sexualari dagokionez, Indok azaldu zuen berak ez zuela horren berri izan, eta ezin dela ziurtatu Bayrouk bazekienik.

Dena den, kritiko agertu zen Indo hedabide batzuek azken asteetan gaiaren inguruan egindako kudeaketarekin. «Non ziren orain Bayrouren aurka ari direnak guk erraten genuenean izan zirela gauza onartezinak?», galdetu zuen Indok. Eta erantsi: «Egiazko biktimak gaur ere ez dira entzuten».

GARAI BATEKO ISLA

Betharramen hamarkadez gertatutakoa garaian ez zela eskandalu gisa hartu esan zuen Indok, halako jarrerak normalizatuak edo ongi ikusiak zirela erranez: «Garaian pentsatzen zen haur batzuek behar zutela joak izan». Betharrametik kanpo ere, 80ko hamarkadan Biarnorako autobusera igotzen ziren ikasle euskaldunentzat gakoa izan zen beste aldagai bat ere aipatu zuen ikasle ohiak: «Indarkeria ohikoa zen kaleetan», gerra zikinak Bidasoaren iparraldean zeuden errefuxiatuak eta ETAko militanteak jomugan zituenean.