GARA Euskal Herriko egunkaria

Tolosako hiltegiko grebak %100eko jarraipena izan du, hasteko


Tolosako hiltegiko langileak greba mugagabea egiten ari dira, atzotik hasita. ELA sindikatuak adierazi zuen lehenengo egunean jarraipena %100ekoa izan zela. Otsailaren 24arekin abiatu zuten lanuztea, Industrias Cárnicas del Oriaren kudeaketa salatzeko. Halaber, Tolosako Mankomunitateari aferan esku har dezala eskatu zioten, langileek zenbait hilabete daramatzatelako soldatak kobratu gabe.

Izan ere, sindikatuak aditzera eman zuenez, hiltegia kudeatzen duen enpresa esleipendunak ez dizkie langileei nominak ordaindu azken hilabeteetan.

Are gehiago, ELAk azaldu zuen enpresaren zein sindikatuaren ordezkariak hartu-emanean ibili badira ere, ez dutela erantzukizuna haien gain hartzeko asmorik agertu. Hori dela eta, sindikatuak Tolosako Mankomunitateari galdegin dio zerbitzua kudeatu dezala, baita azken hilabeteotan langileek jaso ez dituzten soldatak ordaintzeko ere.

Eskaria erakunde publikoari egin izanaren arrazoia da, ELAk adierazi zuenez, hiltegiak ematen duena zerbitzu publikoa dela, nahiz eta enpresa pribatua izan hura kudeatzeaz arduratzen dena.

Halaber, adierazi zuten langileek Industrias Cárnicas del Oria enpresak zor dizkien nominak kobratzen ez dituzten bitartean ez direla lanera itzuliko.