GARA Euskal Herriko egunkaria

SAHARAR estatua, 49 URTEko BORROKA

1976an, gaurko egunez, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) sortu zen. Atzo ospatu zuten, Gasteizen, 49. urteurren hori.

Gatazkan hildakoak gogoan, minutu bateko isilunea egin zen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gaur Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) sortu zeneko 49. urteurrena dela-eta, herri haren euskal ordezkaritzak ekitaldi instituzionala egin zuen atzo Gasteizko Goiuri jauregian. Parte hartu zutenek saharar herriaren autodeterminazioarekiko konpromisoa berretsi eta haren subiranotasunaren aldeko borroka historikoa gogoratu zuten. Saharar ordezkaritzaren ondoan Gasteizko Gobernuko, Batzar Nagusietako, hainbat udaletako eta Europar Parlamentuko ordezkariak izan ziren, hala nola alderdi politikoetakoak, sindikatuetakoak eta gizarte eta elkartasun erakundeetakoak. Guztiek ere saharar herriaren eskubideen eta justiziaren eta bakearen aldeko konpromisoa berretsi zuten. Gogorarazi zutenez, Espainiak, «traizioz traizio» eta Madrilgo Akordioen ondoren Sahara Marokoren eta Mauritaniaren eskuetan utzi zuenetik ia mende erdia igarota, dagozkion ardurak bete gabe jarraitzen du, NBEk akordio haiek legez kanpokotzat jo zituen arren. 2020ko azarotik sahararrak gerran bizi dira berriro; Marokoko Armadak su-etena hautsi zuenetik, hain zuzen. Fronte Polisarioko ordezkariek euskal elkartasuna eskertu eta borrokan segitzeko konpromisoa agertu zuten.