2025 MAR. 10 PARADISE Teknologiaren muga etikoak Gaizka IZAGIRRE HERNANI Suspensea eta misterioa uztartzen dituen telesail hau “This Is Us” arrakastatsuaren sortzailearen ekoizpen berria da. Munduko pertsona adimentsu eta ospetsuenetako batzuk bizi diren komunitate utopiko batean murgiltzen gaitu. Inguru idiliko horretako lasaitasuna eten egingo da, sakonki lurperatutako sekretuak azaleratuko dituen hilketa bat gertatu ostean. Hori da premisa nagusia, baina lehen atalaren amaieran deskubrituko dugun -eta kontatuko ez dudan- zerbaitek guztia aldatuko du. Tira, gai nagusia zein den argituko dut: teknologiaren muga etikoak eta teknologiak pertsonen eguneroko bizitzan duen eragina aztertzen ditu. Thriller politiko klasikoen izaera duen proposamena izatetik distopia bat izatera igaroko da. Misterioz eta pertsonaiaz betetako telesail honetan, flashback bidez, pertsonaien istorio pertsonalak ezagutuko ditugu. Gidoian gorabehera txikiak dituen arren, duen originaltasunari eta sakontasunari esker, ezinbesteko proposamena da zientzia-fikzioa eta drama soziala maite dutenentzat. Pertsonaiek pisu nabarmena dute; protagonistok inperfektuak dira. Horien eraikuntza lehen ataletan nahasi samarra den arren, kapituluek aurrera egin ahala pisu eta garapen mamitsuagoak lortu eta konplexutasun emozional handia erakusten dute. Patxadaz ikusteko proposamena da, ongi dastatu eta teoriak ingurukoekin partekatzekoa. “Lost”, “Dark”, “The OA”, “Severance”, “From” eta halako telesailetako “plot twist” harrigarriekin katigatuta geratzen zaren horietakoa bazara, “Paradise” ikusi beharra duzu. Konspirazio-thrillerren onena biltzen duen telesail honek harrapatuta uzten du ikuslea.