2025 MAR. 11 «Kutsidazu bidea, Ixabel»-en edizio berria, 100.000 ale salduta Lehen aldiz argitaratu zenetik 32 urte igarota eta 100.000 ale baino gehiago salduta, Joxean Sagastizabalen «Kutsidazu bidea, Ixabel» eleberria berrargitaratu du Alberdaniak. Umorea ardatz duen liburu honen arrakastaren gakoak aletu zituzten. Joxean Sagastizabal, «Kutsidazu bidea, Ixabel»-en edizio berriarekin. (Maialen ANDRES | FOKU) AMAIA UGARTE DONOSTIA 1994ko apirilean argitaratu zen “Kutsidazu bidea, Ixabel” eleberria. Juan Martin kalekume donostiar euskaldun berriak Hernialdeko baserri batean bizitakoak umore handiz kontatzen ditu Joxean Sagastizabalek, berak 1976an bizitakoak gogoan. Liburuak arrakasta handia izan zuen eta 100.000 aletik gora saldu dira dagoeneko. 32 urte igarota, berriro argitaratu dute, azala berrituta eta edukian ere zenbait aldaketa eginda. Hitzaurrea egin duen Inazio Mujika Iraola editoreak, Joxerra Gartziak eta Sagastizabalek berak aurkeztu zuten atzo, Donostian. Mujikak 1993ra atzera egin zuen “Kutsidazu bidea, Ixabel”-en jaiotza nola gertatu zen kontatzeko. Garai hartan hemen ez zen apenas umorezko literaturarik egiten, eta hasieran mesfidantzaz hartu zuten Sagastizabalen eskuizkribua. Alberdania «literarioagoa» zen, «eskisitoagoa»; orduan argitaletxeek testuliburuetara jotzen zuten gehiago; horregatik, erantzuna atzeratu egin zen. Hala ere, eleberriak eragin zizkien barre algarek bultzatuta, argitaratzea erabaki zuten. Mujikaren orduko iragarpena izan zen «hau ez da hurrengo Nobel saria izango, baina lehen argitalpena agortu egingo dugu». Eta hala izan zen, dagoeneko 49. argitalpena baitute. Alberdaniak ez zuen espero umorezko eleberri batek halako arrakasta izatea. Izan ere, garai hartan, Sagastizabalen beraren hitzetan, «euskal literatura zen tristeen baratzea eta psikopaten belazea». Eta bera «ito egiten zen» hor eta nahiago zuen «beste umore bat egitea». Mujikaren esanetan, eleberriak «gihar bat ikutu zuen, euskaldun askoren esperientzia, baserrira joan, pentsatu euskara asko dakiela eta ezer ulertu ez». Bigarren gakoa egoera hori tratatzeko modua izan zen; alegia, umorea. Sagastizabalek liburuan aipatzen den Santa Gertrudisek eginiko «mirariak» zerrendatu zituen: lehen mila ale akastunak saldu eta ondoren etorri ziren CDa, antzerkia, pelikula, telesaila, musikala, Max saria... eta heldu den martxoaren 14an ofizialki izendatuko duten Alkiza eta Hernialde arteko “Kutsidazu” izeneko bidea. Idazleak 1976ko uztailean Hernialden familia batek egin zuena eta «gaur egun hainbat tokitan batere modan ez dagoena» aipatuta bukatu zuen bere hizketaldia: «Joxean izeneko gazte erabat ezezagunari beren etxeko atea ireki zioten; pertsona maitekor eta maitagarri horiek beti egongo dira fisika kuantikoaren arabera segundo berean bi tokitan, dauden tokian eta nire bihotzean». EKARPENAJoxerra Gartzia: «Sagastizabalek euskal literaturaren eremu berez triste hartara ekarri zuen bestelako erreferentzia moderno eta alternatiboagoa, naturaltasunez».