2025 MAR. 13 PILOTA Egoera gori-goriaren aurrean, inoiz baino lasaitasun handiagoa Binakako Txapelketaren finalerdietako azken jardunaldian erabakiko dira bi finalistak asteburu honetan. Ezkurdia-Rezusta dira hurbilen daudenak. Laso-Iztueta eta Ezkurdia-Rezusta, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU) Imanol CARRILLO Binakako Txapelketa luzean, honakoa beste aste normal bat izan zitekeen. Baina ez. Asko dago jokoan asteburuan, eta bi egun hauetan Iruñean eta Donostian egindako material aukeraketetan nabarmena izan da. Finala dago jokoan, eta lau bikoteek aukerak dituzte martxoaren 30ean Nafarroa Arenan egoteko. Matematiketan sartuta, Ezkurdia-Rezusta bikotea da hurbilen dagoena. Finalerdietako ligaxkan bi garaipen lortu dituzten bakarrak dira, eta igandean Atano III.ean 16 tantora iristearekin nahikoa izango lukete sailkapena lortzeko. Zifra horrekin aurkari izango dituzten Laso-Iztueta eta Artola-Marizkurrena II.arekin berdinduko lukete, berdinketa hirukoitz hipotetiko batean. Baina tanto orokorren batuketa Aspekoen aldekoa izango litzateke. Nahiz eta egoera baikorra den, Ezkurdiak eta Rezustak zuhur jokatu nahi dute; izan ere, «haiek abantaila hartzen badute, dudak sar daitezke», adierazi zuten Aspekoek. Laso-Iztuetaren egoera zailagoa da. 15 tanto edo gutxiagotan utzi beharko lituzkete aurkariak igandean. Beste aukera bat da larunbatean Artola-Mariezkurrena II.ak Labriten galtzea eta igandean edozein emaitzez irabaztea. «Ilusioa» izan zen Iztuetak erabilitako hitza, «zaila» izango den jardunaldiaren atarikoan. BERE ALDE ETA KARANBOLA Artola-Mariezkurrena II.ak alde dute sailkapena. Irabaztearekin eginda lukete. Baikoko bikoteen artean garaipen bakar batez berdinketa hirukoitza gertatuko balitz, nahikoa lukete 15 tanto egitearekin. Berriozarko atzelariak argi du «irabaztera» joango direla. «Aukera asko daude finalean sartzeko, baina gure partida irabazi behar dugu, horrek emango baitigu sailkapena», azpimarratu zuen asteartean. Labriten izan ziren Peña II.a-Albisu ere. Karanbola bat behar dute finalera iristeko: aurkariak 8an utzi eta igandean Baikokoek galtzea. «Gurea egin behar dugu», onartu zuen Ataungo atzelariak. JARDUNALDIABinakako finalistak erabakiko dituen jardunaldia larunbatean hasiko da Labriten 18.30etik aurrera. Beste finalerdia igandean jokatuko da Donostiako Atano III.ean, ordu berean. IKER ELIZEGIIker Elizegik Baikorekin duen harremana amaituko du. Debuta Asteasuko Usarrabi pilotalekuan egin zuen 2020an, eta ordutik hona ia 150 partida jokatu ditu. Azken partida martxoaren 29an jokatuko du Tolosako Beotibarren.