GARA Euskal Herriko egunkaria

«Post etorkizuna», euskal kulturaren eta geroaren gogoeta

Loraldiak urtero sortzaile bat gonbidatzen du burua etorkizunean jar dezan. Idazle bati eskatzen dio geroaz pentsatzen testu bat josi dezan, emanaldian irakurketa egin eta zuzeneko musika eta bertsolaritza saio batekin uztartzeko. Oraingoan Edorta Jimenezengana jo du. Ondoan izango ditu gaur, agertokian, Rafa Rueda musika jartzen eta Ane Labaka eta Oihana Arana, aldiz, bertsotan.

Edorta Jimenez, goian; Rafa Rueda, behean. (Monika DEL VALLE- Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Edorta Jimenez (Mundaka, 1953) idazleak euskal literaturan egin duen «ibilbide luze eta oparoa» azpimarratu dute Loraldiaren arduradunek. «Haren lanetan, historia eta fikzioa uztartzeko duen trebetasunagatik nabarmentzen da, eta Euskal Herriko tradizioak, mitoak eta itsas giroa sarritan islatzen dira bere narrazioetan. Eleberrigintzan ez ezik, poesian eta kronikagintzan ere aritu da, eta zenbait sari jaso ditu bere ibilbidean. Jimenezen obrak, besteak beste, euskal identitateari eta memoriari buruzko gogoeta sakonak proposatzen ditu, betiere estilo literario bizi eta erakargarri batekin», adierazi dute.

Rafa Ruedak jarri dio musika hark idatzitakoari, eta Amaia Agirre gai jartzailea eta Ane Labaka eta Oihana Arana arituko dira bertsotan gaur. «Literatura, bertsolaritza eta musika uztartzen dituen emanaldia da, kulturaren eta etorkizunaren arteko zubia eraikitzen duena. Denen artean etorkizunari eta kulturari buruzko gogoeta kolektibo bat eraikiko dute», esan dute Loraldiko arduradunek.

110 minutuko ikuskizuna da, Guggenheim Museoko entzungelak 12.30etik aurrera hartuko duena.

ETORKIZUNAREN PISUA

Eszenografia aldetik ikuskizun soila izango da. Jimenezek ikuskizun honetarako propio idatzitakoa testua irakurriko die bertaratzen direnei.

«Post etorkizuna zer da? Norbaitek post modernitatearen kontzeptua asmatu zuen, eta inork ez daki zer den. Eta asmatu dira hainbeste “post”: post marxismoa, post literatura… Post etorkizunera bueltatuz, ‘etorkizuna’ hitz astuna da eta madarikazioa humanitatearentzat, nolabait esateko. Momentu honetan hobe hitz horrekin gogoratu ez eta bakean biziko bagina», azaldu dio GARAri Jimenezek, ondu duen testuaren aitzakian.

Iraupenak eta jendaurrean esan beharrak baldintzatua da testua. «Adarretatik joaten hasi eta infinituraino luza daiteke gaia… Nire etorkizunetik abiatuta, adin batera iritsita eta gauza batzuk egin ondoren, etorkizuna hiltzea da. Benetan dakigun bakarra horixe da. Abstraktuan pentsatzea… mundua norantz joango den, a ze buruko mina! Ba al da mundu honetan inor gai denik esateko bihar zer gertatuko den?», gogoeta egin du. Jimenezek jolasera ere jo du Loraldia festibalaren enkargu honetan. «Saiatu naiz umoreari heltzen. Koplak ere sartu ditut testuan. Idatzi eta idatzi, eta gogoeta egin, bilatu gabe koplak idatziz amaitu dut. Ez zehatz-mehatz neurtuak, baina bai erritmoari dagokionez», aurreratu du.

Idazketa «aberasgarria» izan da mundakar idazlearentzat. «Hausnarrarazi dit eta irudi asko izan ditut buruan. Iradokitzailea izan da. Hainbat bide eskaintzen zituen, eta ezin denak hartu». Erreferentzia literario ugari ditu testuak. «Gaiari eustea ateak zabaltzea da niretzat, baita ere. Irakurri ditudan egileak Kafka, Gabriel Celaya, Gabriel Aresti, T.S. Elliot... asko dira nahi gabe etortzen direnak. Hitz batek beste batzuen oihartzunak dakartza».

Baita musika alorreko beste hainbat ere. «Gure belaunaldiko nor ez da gogoratzen ‘No future’ kontzeptuaz eta kantuaz? Fikzio zientziakoak eta zinemakoak ere sartu ditugu. Zertzeladak, betiere. Ez ditut aurrez esango, espero dut jendeak antzematea aldez aurretik esan gabe», adierazi du.

Jimenezen esku egon da musikaria aukeratzea. Rafa Ruedaren (Mungia, 1972) izena eman zien antolatzaileei. Ruedak irakurketa musikaz jantziko du emanaldian. «Berarekin lana eginda nago aurrez, grabazioak tartean. Berarentzat kantuak egin ditut, eta berak nire testuak musikatuta eta kantatuta ditu. Ikuskizuna ere egin genuen taula gainean, ‘Haragizkoa’, nire testuetan oinarriturik. Ondo moldatzen gara, feeling ona daukagu», kontatu du.

Mungiarraren gaitasuna nabarmendu du. «Rafa munstroa da, edozein gai eman eta, bertsolariak bezala, esan liteke inprobisatu egiten duela. Etorria dauka, irudimena, sekulako belarria... Elkarri hainbat gai planteatu dizkiogu eta adostu ditugu. Ikuskizun honetan erdi estreinatu gabeko kantu bat sartu du, eta atsegina izango da entzuleentzat».

Aspalditik elkar ezagutzeak erraztu egin du Ruedaren zeregina. «Saiatu naiz zerbait egokia musikatzen. Gaia ez da ohikoa, baina nahiko erraz konektatu dugu elkarrekin. Edortak bazeukan gutxi gorabehera nondik jo genezakeen ideiaren bat, eta testuak erreferentzia musikalak izateak ere lagundu dit».

Bere errepertoriotik hartutako piezaren batekin osatuko du parte hartzea. «Gaiarekin zerikusia duen kanturen bat abestuko dut», iragarri du. «Horietatik bat esan liteke ia estreinakoz abestuko duela», zehaztu du Jimenezek.

AURREKOAK

Loraldiaren lehenengo edizioan Harkaitz Canoren “Bilbao-Baobil” izan zen abiapuntua, eta urtez urte hainbat euskal sortzailek parte hartu du festibalean. Anjel Lertxundi, Kirmen Uribe, Arantza Urretabizkaia, Itxaro Borda, Unai Elorriaga, Alaine Agirre eta Danele Sarriugarte, besteak beste.

Bertsolaritza eta musika ere ezinbestekoak izan dira esperientzia honetan, eta bertsolari eta musikari ospetsuek parte hartu dute: Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Miren Amuriza, Alaia Martin, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Maddi Ane Txoperena, Maider Arregi, Joseba Santxo eta Miren Artetxe.

Musika arloan, Gorka Benitez, Anjel Unzu, Igelaren Banda, Joserra Senperena, Fernando Velazquez, Don Inor Ez, Miren Narbaiza, Olatz Salvador eta Ibil bedi izan dira Loraldian.