2025 MAR. 17 Elkarrizketa Stephan Maury Hegalaldia elkarteko basa-fauna artatzeko arduraduna «Otsoari aurre egiteko aterabiderik eraginkorrena gizakiaren presentzia da» Stephan Maury Hegalaldia elkarteko basa-fauna artatzeko arduraduna da. Azkainen otsoa agertu dela aitzakiatzat hartuta, KAZETA atariarekin bere gogoetak partekatu ditu. Argi du ez dela animalia «gaiztoa» baina, mendiaren askotariko erabilerak kontuan harturik, haren presentziaren gaineko auziak konponbide sinplerik ez duela ohartarazi du. (Patxi BELTZAIZ) Irati ESPARZA-GUIMON Otsailaren 22an herritar batek jakinarazi zuen otsoaren itxurako animalia ikusi zuela Larhun aldean, Azkainen. Egun batzuetara Pirinio Atlantikoetako Prefeturak hala zela baieztatu zuen, eta martxoaren 2tik 3rako gauean Bardozeko artaldeek jasandako erasoak otso batek eginak zirela. Otsoaren presentziak zein ondorio izan ditzake Ipar Euskal Herrian? Hasi baino lehen, argia izan nahi dut: ez naiz otsoaren espezialista, baina oinarri sendoak ditut eta otsoaren presentziari loturiko ondorioak aztertu ditut hainbat sektoretan. Egia da otsoaren presentziak elkarbizitza arazo handiak ekarriko dituela. Euskal Herriko mendialdean, abere hazkuntzan eragin handia izanen du. Hazkuntzarik gabe, euskal mendia ez da gehiago euskal mendia izanen. Mendia hetsiko da, oihanari lekua uzteko. Naturalista gisa, niretzat ez da hain larria, biodibertsitate berri bat sortuko delako, baina biziki garrantzitsua da alde gizatiarra, ekonomikoa, soziala eta kulturala kontuan hartzea. Artaldeetan, zehazki, otsoaren erasoek ondorio desberdinak izaten ahal dituzte. Aberea bera galtzea, eta galdu ez direnei ere eragindako estresa. Horrek, adibidez, esne gutiago produzitzea ekar dezake, baita abortuak ere. Zer egin behar da aterabideak atzemateko? Otsoaren kudeatzea lortzeko aterabide bakarra, nire ustez, elkarren artean hitz egitea da. Izan laborari, hazle, sindikatu, ingurumenaren babeserako lan egiten duen elkarte… mendialdean lan egiten duten aktore guziak elkartu behar gara, eta denen artean estrategiak plantan jarri. Damu naiz, bagenekielako azken hamar urteetan otsoa kolonizazio fasean zela eta momentu batean edo bestean Euskal Herrira iritsiko zela. Bagenekien, baina ez da fitsik egin, aktoreak ez dira galdekatu. Orain otsoa hemen dela, memento egokia da denen artean mintzatzeko eta aterabideak atzemateko, jakinda bakoitzak konpromisoak hartu beharko ditugula. Lurralde-ekologia ikuspegia lehenetsi behar da. Baimendutako tiroak onartzeko prest agertu da Prefetura. Aterabide bakarra da? Ez naiz tiroaren aldekoa, hori argi da. Gehienetan, onurak baino, arazoak ekartzen ditu. Otso saldo batean bada bikote nagusi bat, “alpha” deitzen dena. Bietako bat desagertuz gero, saldo osoa lehertzen da, desorekatzen da, eta egoera horretan, oraindik eraso gehiago gerta daitezke. Ez da kasua Euskal Herrian, mementoz otso bakarti bat baizik ez delako identifikatu, ez saldo bat, baina agian otso gehiago badira. Ez dakigu. Kasu handia egin behar da. Zein dira hobets daitezkeen aterabideak? Ez dut nik erabakiko, baina aterabide andana bada, tiroaz aparte. Ahal dira eremuak bereizi: otsoa onartzen duten eremuak sortuz, eta aukera hori baztertzen duten eremuak finkatuz. Otsoarekiko tolerantzia duen eremuan hainbat neurri plantan ezartzen ahal dira, otsoa onartua ez den eremuan posible ez direnak. Esaterako, Pirinioetako mendiko zakurrak, patou izenekoak, artaldea babesteko biziki onak dira. Astoekin batera jarriz, otsoa hurbiltzen dela fiteago jakinen du txakurrak, astoek entzumen biziki ona dutelako. Aukera hori hazleentzat karga gehigarria izan daiteke, frantziar Estatuak ez badu laguntzen, arazoak izaten ahal baitira. Zakurrak artaldea babestera ohituak dira, turistak hurbiltzean... Arriskua egon daiteke jende mugimendu handiko lekuetan. Gauean artaldea hesi elektrikoz inguratua den eremu batera eramatea beste aukera bat da. Horiez gain, erran behar da otsoari aurre egiteko aterabiderik eraginkorrena gizakiaren presentzia dela. Frantziar Estatuan barna, hainbat elkarte badira artzainak formatzen dituztenak, hazleak laguntzeko, eta gau eta egun artaldea zaintzapean egoteko. Praktika hori anitz garatzen da, adibidez, Bretainian. Ez da ahantzi behar otsoa animalia beldurtia dela. DENON ARTEAN«Izan zakurrak, astoak, beste artzain batzuen laguntza, hesiak… denen artean aztertu beharreko aterabideak dira. Gaurko egoeran lehentasuna da denon artean mintzatu eta aterabideak xerkatzea» HAZKUNTZA«Abere hazkuntzarik gabe, euskal mendia ez da gehiago euskal mendia izanen. Mendia hetsiko da, oihanari tokia uzteko»