2025 MAR. 29 Musk jaun tekno-feudal gorenaren aurkako protestak mundu osoan Tesla TakeDown («Tesla desmuntatu» itzul liteke) izeneko mugimenduak orain arteko deialdi handiena egin du gaur. Mundu osoko ehunka Tesla auto konpainiaren eraikinen atarian protestara deitu dituzte, horien erdiak baino gehiago AEBn. Konpainiaren jabeak, Elon Muskek, Trumpen administrazioarentzat egiten ari den lana defendatu berri du. Teslaren aurkako protesta, New Yorken. (Europa Press) Urtzi URRUTIKOETXEA Tesla autoak zein konpainiaren akzioak saltzeko eskatzen du TeslaTakedown mugimenduak, eta hainbat protesta deituzte dituzte orain arte AEBn eta Europan. Presioa harago eramateko asmoa du ekimenak, orain arteko protesta kopuru handiena atonduta Teslaren kontzesionario-bulegoen atarietan. Munduko gizon aberatsena, Elon Musk da Teslaren akziodun nagusia, eta berak zuzentzen du AEBko gobernu federalean murrizketa sakonak egiten jarraitzen duen DOGE (Gobernuaren Eraginkortasun Sailak) departamentu ez ofiziala. Herenegun, Fox katean elkarrizketa egin zuen DOGEra eraman dituen Silicon Valleyko beste zazpi goi kargurekin batera. Bere lana defendatzeaz gain, gezurtatu egin zuen kaleratze masiborik egon denik, eta «ia inor ez da joan kalera» esatera iritsi zen. Bien bitartean, USAID, Voice of America zein Hezkuntza sailak itxita edo ixte bidean daude, eta administrazio federalaren inguruko beste erakunde askok ere patu bera izan lezakete aurki. SABOTAJE EKINTZAK Musken gehiegikerien aurka Tesla fabriken aurreko protestak duela zenbait aste hasi ziren. Ordutik zenbait sabotaje ekintza ere izan dira herrialdean, molotov koktelekin Tesla kontzesionarioen edo haren kargatze guneen aurka. Joan den astean, berriz, West Palm Beach-en (Florida) era baketsuan protestan eserita zeuden manifestarien aurka jo zuen Tesla auto baten gidariak, eta ia zapaldu egin zituen batzuk. Atxilotu egin zuten eta datorren hilean auzipetuko dute. Protestetan dihardutenen aurkako jazarpena ere handitzen joan da. Antolatzaileetako bat Joan Donovan Bostongo Unibertsitateko kazetaritza irakasle eta desinformazioan aditua da, eta dozenaka email eta mehatxu jaso ditu, Etxe Zuritik beregan jarri dutelako fokua. Muskek berak bertxiotutako mezu batek dioenez, «Donovan da itxuraz antolatzaile eta agitatzaile nagusia Teslaren aurka nazio osoan dagoen terrorismoan. Zergatik ez dute atxilotu?». Ez dirudi inolaz ere Teslaren aurkako sabotajeen atzean talde antolatu eta koordinaturik dagoenik, eta FBIk berak esan du «erasotzaile bakartiak» daudela uste duela, «eraso hauek biktimarik gabeko jabetzen aurkako delitu gisa ikusten dituzte». Donovanek aitortu du kezkatuta dagoela, eta erasoak gaitzetsi ditu, baina nabarmendu du protestak baketsuak direla, jai giroan ere bai horietako asko, eta familiek parte hartu ohi dutela, baita kongresuko hautetsiek ere. Gezurtatu du bera demokraten babeslea izatea, eta, berriki errepikatu duenez, «Tesla TakeDown-ek konpromisoa dauka indarkeria ezarekin». Edozelan ere, Donovanek badaki zerbait desinformazioaz eta intoxikazioaz. Elon Musken begi-puntuan egon aurretik, Facebook-en atzean dagoen Meta konpainiaren aurka ere jo zuen. Harvard Unibertsitateak Donovan “Aldaketa Teknologiko eta Sozialaren Ikerketa Proiektua” itxi zuen duela bi urte, Mark Zuckerbergen talde batek 500 milioi dolarreko dohaintza bat eman ostean. Unibertsitateak dio egitasmoa ixteko erabakiak eta dohaintzak ez dutela zerikusirik. KARTA ZURIA Hasieratik izan da oso nahasia Elon Musken jarduna. Lehendabizi, ez delako ofizialki Gobernuko parte, presidenteak berak zuzenean emandako ardura bat izan arren. Ondorioz, Kongresuaren kontroletik kanpo dihardu, «eraginkortasunaren» izenean, administrazio guztia hankaz gora jartzen, milaka lagun kaleratzen eta milioika herritarrengan eragina eta ondorioa daukaten administrazioko bulegoak ixten. Teslaren akzioek nabarmen behera egin dute, Muskek Trumpen kanpaina babestu eta, Etxe Zurira iritsita, haren asmoen betearazle bihurtu denetik. Teslak 100.000 milioi dolar galdu dituela kalkulatu dute. Edozelan ere, duela urtebete baino are aberatsagoa da orain Musk, Forbes kazetaren arabera. Trumpek agintea hartu eta berehala, indar betean hasi zen Musk buru duen DOGE saila administrazioaren bulegoetan sartzen, datu pribatuak eskuratzen eta langileak kaleratzen. Inoiz zalantzazkoa izanik eta behin baino gehiagotan legea argi urratuz aurrera egin zuten, eskuin muturreko Heritage Fundazioak idatzitako Project 2025eko gida lerroei jarraiki. Steve Bannon pentsalari ultrak iragarri bezala, helburua uholdea zen, etengabeko jarioa gertatzen ari zena kontatzeko eta prozesatzeko astirik egon ez zedin. TRUMPEKIN TIRABIRAK Hilabete eta erdi inguru Musk eta DOGEko bere esanekoak nahieran aritu ostean, askok ezin sinetsita eta protesta egiten zutenei jaramonik egin gabe, haserrea administrazioaren barruraino iritsi zen otsail amaieran. Martxoan Trump bera Muskek sortutako kaosaz nekatzen ari zela zabaldu dute hedabide ugarik. Presidenteak berak gehiegi iritzi dio DOGEk indiskriminatuki egin dituen kaleratzeen artean errepublikano ugari ere egotea. Edozelan ere, AEBko estatuburuaren eta askok herrialdeko gizon boteretsuena gisa ikusten dutenaren arteko urruntzearen zurrumurruak hazi ahala, kontrako mezua ematen saiatu ziren. Bien arteko elkarrizketa egon zen Fox katean, eta duela bi aste Trumpek Etxe Zuria Teslaren erakusleiho bihurtu zuen. Musken 5 auto bertara ekarrarazi zituen, munduko gizon aberatsenari babesa erakusteko. Modu horretan isilarazi nahi izan zituen errepublikanoen agintaldi berriko bi pertsona nabarmenen artean lehen tirabirak piztu zirela zioten albisteak. Ez da ahaztu behar Musk Trumpen kanpainako finantzatzaile nagusia izan dela, eta nolabaiteko ordain gisa ikus dezakeela orain «egokitu» zaion rola. Konstituzionalki ez dauka AEBko presidente edo presidentegai izateko aukerarik; inoiz horrelako tentaziorik balu ere, legeak AEBn bertan jaiotakoei bakarrik uzten die Etxe Zuriko maizter izaten, eta Hego Afrikan jaiotakoa da Musk. Horrekin batera, bi pertsonaien arteko nortasun partikularra ere aintzat hartu behar da. Bataren eta bestearen histrionismo eta eszentrizitateetatik harago, bien ibilbideari erreparatuta erraz ikus daiteke behinola oso gertuko izan dituzten pertsona gehienak behin betiko urrunduta dituztela biek ere. Gehienetan haserre amaitu dute hilabete batzuk lehenago kolaboratzaile estu zituztenekin. Trumpen kasuan, bi hilabetean kalkulatu dute bere kolaboratzaile estuenekiko daukan «tolerantzia maila». Ikusteko dago Muskek noiz arte jarraituko duen Trumpen hegalpean. Gobernutik ofizialki egiterik ez zeukaten joko zikinena eginda, presidentea hauspotu zuten eskuin muturreko fundazio eta erakundeek Musken beharrik gehiago ez dutela pentsatzea ere erraz irudikatu daitekeen eszenatokia da. Vance sugiere negociar la adhesión de groenlandia cuando se independice Donald Trump insistió ayer en la necesidad de que Groenlandia pase a formar parte de su territorio para asegurar la paz mundial mientras su vicepresidente, JD Vance, visitaba en la isla la base militar de Pituffik. Rebajando el tono utilizado hasta ahora por Washington apuntando a una anexión, Vance sugirió que negociarán su adhesión una vez se independice de Dinamarca, respetando su «autodeterminación», pero confiando en que sean elegidos como socios. Acusó a Dinamarca de «fallar» en su deber de proteger a Groenlandia e insistió en que «somos la única nación en el planeta que respetará su soberanía y su seguridad, porque su seguridad es en gran medida la nuestra». Jens-Frederik Nielsen, que presentó una nueva coalición de Gobierno independentista y será elegido presidente la próxima semana, reiteró que la visita de Vance era una «falta de respeto», aunque apostó por el diálogo con Washington. Eso sí, dejó claro que el futuro no pasa ni mucho menos por la incorporación a EEUU. GARA