GARA Euskal Herriko egunkaria

Latzen, Alaitz eta Maider, Skatu eta Afu, Hatortxu Rockerako bueltan

Hatortxu Rock festibalak lau euskal talderen itzulera iragarri zuen atzo. Latzen oñatiarrak elkartasun jaialdiaren azken edizioan izanen dira, 17 urteren ostean beren ereserkiak berriz ere taularatzen. Skatu talde iruindarra ere, hamarkada baten buruan, bueltan da. Afu da hirugarren itzulera. Alaitz eta Maiderrek, berriz, kolaborazio berezia eskainiko dute, Burutik nafarrekin batera.

Latzen taldea bueltan da, 17 urteren ostean. (HATORTXU ROCK)

Agur berezia agindu zuen Hatortxu Rockek eta hitza betetzen ari da. Hiru euskal talderen itzulera eta beste kontzertu berezi bat iragarri zuen atzo: Latzen, Skatu, Afu eta Alaitz eta Maider.

Antolatzaileek jakinarazi zutenez, talde oñatiarra eszenatokietara itzuliko da eta elkartasun jaialdian eginen du. Lakuntzan, uztailaren 24tik 27ra bitartean ospatuko da azken Hatortxu Rock eta bertan izanen da Latzen. Oñatin sortu zen taldea, 1993an. 1999an lehen atsedenaldi bat hartu zuten eta 2007an Infernuko Ateetan Tour agur bira iragarri zuten. 2008an igo ziren azkenekoz oholtzara. 2025era arte. Uztaileko azken asteburuan Lakuntzan izanen dira, “Laztana”, “Ze ingo xu?” edo “Torturaren artea” ereserkiez berriz ere zuzenean gozatzeko aukera ematen.

Oñatiarrak 17 urtez egon dira eszenatokietatik kanpo, baina Skatu iruindarren etena ere ez da laburra izan. 2015eko abenduan eman zuten azken kontzertua, non eta Hatortxun bertan, jaialdiaren 18. edizioan. Hamarkada bat igarota, berriz taularatuko dira.

Nafarroako hiriburutik oso gertu sortu zen bueltan izango den hirugarren taldea, Afu. Barañaingo saltsa-reggae taldeak bere sorlekuan eman zuen azken kontzertua, herriko jaietan, 2023ko ekainean, “AFU azken dantza”.

ALAITZ ETA MAIDER

Atzo iragarritako laugarren eta azken itzulera Alaitz eta Maiderrena da, nahiz eta, argitu zutenez, ez den izanen bere horretan itzulera bat. Bikoteak bere ibilbideko kantu gutxi batzuk taularatuko ditu, Burutik bandarekin kolaborazioan.

Uztaileko zitan Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, DJ Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Sune, Maruxak, Ibil Bedi, Sukena, The Lio, Kaotiko, Bulego, Nogen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarriren presentzia ere iragarrita dago dagoeneko. Orotara, 100 talde inguru biltzea aurreikusten du antolakuntzak.

«Lan hilabeteak datoz aurretik, Hatortxuri merezi duen agurra emateko. Apurka forma emanen diogu zitari, zarata, elkartasun eta sorpresaz beteriko lau eguni», adierazi zuten antolatzaileek.



AEK omenduko du aurten Zeidfest Gaztea jaialdiak

Larunbat honetan Barakaldoko BECen izango den Zeidfest Gaztea jaialdiak omenaldia egingo dio AEKri. Hori dela eta, AEKren esku egongo da aurtengo irekiera ekitaldia, eraikineko sarrera nagusian 11.00etan. Aurreko urteetan Hondarribiko Alardeko Jaizkibel konpainiaren eta Naizen elkartearen txanda izan da. Aukera hau izatea «plazer eta ohore handi bat» da AEKrentzat, atzo Nazio Kontseiluko kide Aize Otañok adierazi zuenez. Horrela, ikasle, irakasle, berbalagun eta AEKide guztiei «euskaraz eroso bizitzeko gune hori aprobetxatzera» dei egin zien. Zeidfest Gaztea «euskal musikaz, giro onean, eroso, aske eta euskaraz aritzeko gune horietako bat» da eta.

Lurdes Etxezarreta Nazio Kontseiluko kideak gaineratu zuenez, omenaldia AEK-ko euskaltegietan egunero euskara ikasten ari diren milaka ikasleentzat izatea nahi dute. GARA