2025 API. 04 SORDA Amatasuna gortasunaren ikuspegitik G.I. HERNANI Angela izeneko emakume gor bat da istorioaren protagonista; Hector bikotekidearekin -hau ez da gorra- haurtxo bat izango du. Haurdunaldiak aurrera egin ahala, amatasunari eta alabarekin komunikatzeko moduari buruzko beldurrak sortuko zaizkio. Haurraren jaiotzak tentsioak eragingo ditu bikote harremanean, eta Angelak umea hezteko erronkari aurre egin beharko dio bere errealitatera egokituta ez dagoen gizarte batean. Pertsonaia nagusien rola Miriam Garlo eta Alvaro Cervantes aktoreek antzezten dute. Pelikulan euskal izenen presentzia topatuko dugu: aktore zerrendan Elena Irureta eta soinu bandan Aranzazu Calleja. Izen bereko film laburretik abiatzen da filma, Eva Libertadek eta Nuria Muñozek zuzendua eta Miriam Garlo (bizitza errealean gorra da, baina ez mutua) protagonista duena. «Film laburra, hasiera batean, pieza solte gisa irudikatzen nuen», aipatu du Eva Libertad zuzendariak, «baina, filmaketa amaitu ondoren, Miriam zuzentzen jarraitzeko gogoz geratu nintzen eta pertsonaia ikertzen jarraitzeko gogo biziz, gehiago sakondu nahi nuen».