GARA Euskal Herriko egunkaria
MINECRAFT PELIKULA

«Minecraft» mundua, euskaraz


Minecraft mundu irekiko bideojokorik arrakastatsuenetariko bat da. “Minecraft pelikula” (“Una película de Minecraft”) joko mitikoan oinarritutako filma da eta euskaraz bikoiztuta estreinatuko da.

Lau pertsona egokitugabe, atari misteriotsu baten bidez, Overworld izeneko mundu bitxi batean barneratuko dira: bere osotasunean, kuboz osatuta dago mundu hori. Bertan, elementu guztiak kubo tamaina ezberdinez osatuta daude. Etxera itzultzeko, mundu hau menderatu (baita babestu ere) egin beharko dute lau protagonistek.

Tonuari dagokionez, ekintza, umorea eta emozioa uztartzen ditu pelikulak eta aktore zerrendan, berriz, Jason Momoa, Jennifer Coolidge eta Jack Black izen ezagunak ageri dira, besteak beste.

Filma, hasiera batean, 2019an estreinatu behar zen, baina Warner Bro-k atzeratzea erabaki eta estreinaldien egutegitik kendu zuen; “The Batman” filmaren estreinaldiarekin izan zezakeen lehia eta bereziki Covid-19aren pandemiaren etorrera izan omen ziren arrazoi nagusiak.

BIDEOJOKOA ERE EUSKARAZ
Game Erauntsia bideojokoen euskal komunitateko kideek hau adierazi dute: «Euskarazko bikoizketaren albistea benetan pozgarria da; are gehiago, ‘Minecraft’ bideojokoa ere euskaraz dagoela kontuan hartuta. Munduko jokorik arrakastatsuena izanik, Game Erauntsiatik hainbat ekimen antolatu ditugu: esaterako, Korrika birtualarekin Minecraft barruan sortutako Euskal Herri digitalean zehar euskara zabaldu dugu hainbat urtetan AEK-rekin batera». Honakoa ere gehitu dute: «Java edizio originala osorik euskaratuta aurkituko dugu ordenagailuetan. Kontsoletan edo mugikorretan erabiltzen den Bedrock bertsioa, zoritxarrez, ez dago gure hizkuntzan. Mojangen bideojokoa zein euskaraz joka ditzakegun gainerako guztiak gure euskarazko bideojokoen zerrendan aurki daitezke».