2025 API. 09 Gutxieneko soldata eta pentsio propioak, LABen aldarriak M1ean LAB sindikatuak atzo iragarri zuenez, gutxieneko soldata eta pentsio propioak aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean. Bere manifestazioak egingo ditu Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Tuteran, eta Baionan manifestazio intersindikalean parte hartuko du. Jauregik eta Arroyok Maiatzaren Leheneko kartela aurkeztu zuten atzo, Bilbon. (Oskar MATXIN | FOKU) GARA BILBO LABek bere manifestazioak egingo ditu Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Tuteran Maiatzaren Lehenean, gutxieneko soldata eta pentsio propioak aldarrikatzeko; eta, iaz bezala, Baionako manifestazio intersindikalean ere bloke propioa izango du. Hala iragarri zuten atzo Igor Arroyo koordinatzaile nagusiak eta Maider Jauregi komunikazio arduradunak, Bilbon egindako agerraldian. Arroyok «nazioarteko testuingurua geroz eta korapilatsuagoa» dela adierazi zuen: «Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekaritatearen hedapenak adierazten dutenez. Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak ahalik eta burujabetza handiena izatea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzeko». Azken urteotako borroka sozial eta sindikalak goraipatu zituen; izan ere «horiei esker, agenda politikoan euskal langileontzat garrantzitsuak diren gaiak kokatu dira, hala nola osasun sistema, zaintza, etxebizitza, pentsioak eta gutxieneko soldata». Halere, eztabaida hauek «faltsuan ixteko arriskuaz» ohartarazi zuen: «Pradalesek formak aldatu ditu, baina funtsean ez dugu aldaketa handirik ikusten: EAJ-PSEk egindako zerga erreformak elite ekonomikoaren pribilegioei eusten die eta, osasun mahaian, osasun sistemaren pribatizazioari eusteko asmoa erakusten ari da Jaurlaritza». Hori dela eta, lantokietan, kalean nahiz instituzioetan «burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde presio» egiteko beharraz mintzatu zen Arroyo, eta hiru lehentasun aipatu zituen: zerbitzu publikoak garatzea, industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea. Gutxieneko soldata eta pentsio propioak finkatzeko ekimenak abian direla gogoratu zuten. Eta, Arroyok nabarmendu zuenez, Maiatzaren Lehenean «mezu argia» helaraziko die LABek enpresariei eta erakundeei. «Izan akordio interprofesional baten bidez, izan lege bidez, ez dugu etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte. Goizago ala beranduago, negoziazio mahaia eratzeari Confebaskek ezarritako betoa gainditu egingo dugu», esan zuen. DEIALDIAK Manifestazioei dagokienez, Bilbon 12.30ean abiatuko da Zabalburutik; Donostian, 12.00etan Easo plazatik; Gasteizen, 12.00etan Bilbo plazatik; Iruñean, 12.00etan Gazteluko plazatik; Tuteran, 12.30ean Foruen plazatik; Baionan, 11.00etan tren geltokitik; eta Maule-Lextarren, 11.00etan Kurutze Xurian izango da mobilizazioa. PUBLIKOTASUNAPolitika pribatizatzaileak deuseztatu beharra defendatu zuten: «Sindikatuok urteak daramatzagu salatzen osasun sistemaren pribatizazioa, eskola publikoaren azpigarapena, zaintza eskubidearen urraketa eta etxebizitzen espekulazioa»