GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Artolak bere bertute guztiak atera behar izan ditu Elordi menderatzeko

Ikuskizun bikaina eskaini dute bi pilotariek; alegiarra, gehienetan aginduz, baina mallabitarra, defentsan airoso eta aukerak baliatuz. Hori bai, azken txanpan nekea nabaritu du Elordik eta Artola zuzenean joan da 16-16tik 22-16ra.

Artolak agindu zuen piloteoan, baina Elordi bikain aritu zen defentsan boleaz. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iñaki Artolak lan ederra eginda lortu zuen atzo bere lehen puntua Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkan. Partida gogor eta parekatuan, Aitor Elordi baino freskoago iritsi zen azken txanpara.

Elordik Senar kanporatu zuen aurreko astean, final-zortzirenetan, eta neurketa horretan erakutsi zuen sasoi onean dagoela; Artolak Binakako finala jokatu zuen duela bi aste eta ikusi beharra zegoen zer moduz moldatzen zen bakarkako lanera. Egia esan, biek maila bikaina eskaini zuten norgehiagoka ikusgarrian.

Dirua Artolaren alde atera zen, eta alegiarrak hasiera oso ona eman zion demari. Bigarren tantoa luzea eta gogorra izan zen, berotzeko aparta, eta Artolak pilota atzeratu eta aurkariaren buru gainetik pasatuta bereganatu zuen. Elordiren huts batekin eta sakez eginiko bi tantorekin, gipuzkoarra 4-0 aurreratu zen markagailuan.

Baina neurketako bigarren piloteo aipagarrian, Elordi izan zen Artolaren dejada txokoan harrapatu eta zabalean botatako beste batekin bikain erantzun zuena. Sakea hartuta, 4-3 gerturatu zen, eta hortik aurrera lehia oso parekatua izan zen amaierara arte.

Abantailak gehien-gehienean Artolarenak izan ziren emaitzari dagokionez, eta jokoan ere ekimena berea izan zen ia beti. Pilotakada erraz luzatu zuen eta aurrean ere asko asmatu: 5-3koa dejadaz egin zuen, 6-3koa pilota atzera jota, 8-6koa gantxoz...

Elordi defentsan aritu zen nahi baino gehiagotan, nahi izango zukeen baino atzeragotik, baina bolearekin oso seguru aritu zen eta asmatu zuen pilota ezker horman bihurritzen. 2023an txapela janztera eraman zuen bizitasun hura erakutsi zuen une askotan. Tanto ikusgarriak ere egin zituen: 6-4koa txokoan utzita, 6-5ekoa pilota luze jota, 6-6koa gantxoz, 8-8koa boleaz jotako horma-biko ikusgarri batekin... Eta piloteoan aurrera eginda jotako gantxo zail bati esker lortu zuen 8-9koa, markagailuan lehen aldiz abantaila hartzeko.

NEKEAREN LANAK

Partida asko gogortu zen lehen erdi horretan, eta esfortzuari ongien eusten zionak asko izango zuen irabazia. Artola izan zen berriz ere abantailatxo bat lortu zuena 15-12koan. Sakearekin dezente asmatu zuen alegiarrak -bost tanto zuzenean- eta aurrean amaitzerakoan ere, tentsioak tentsio, ez zen batere urduritu.

Elordiri piloteoan gehixeago sufritzen igartzen zitzaion baina, hala ere, mallabitarra gai izan zen kontrako haizeari eutsi eta norgehiagokan erabat sartuta jarraitzeko. 15nako berdinketa dejada eder batekin lortu zuen, 16nakoa gantxo bati esker... Estatistikak ere ia berdinak zituzten bi pilotariek une horretan.

Baina ordura arte antzeman ziren joerak azken txanpan nabarmen azaleratu ziren. Artola zuzen-zuzenean joan zen 16-16tik 22-16ra. Atzean gogor zigortu zuen Elordi eta aurrean bikain amaitu zituen tantoak. Eta horren guztiaren erakusgarri, partidako azkena: Elordik bere defentsa lanari esker lortu zuen aukerako pilota bat izatea, baina oso urrunetik botatako dejada txapapera joan zitzaion. Nekearen lanak inondik ere, 58 minutu pasatxoan jotako 273 pilotakada biziren ondoren.

«Poz handia daukat, iruditzen zaidalako partida zail bat atera dudala aurrera», aitortu zuen Iñaki Artolak amaieran, Elordik egindako neurketa ere jator goraipatuz.