GARA Euskal Herriko egunkaria
HATORTXU ROCK 30

Azken Hatortxu Rock-en erronka: jaialdirako 7.049 boluntario lortzea

Hatortxu Rock festibalaren antolakuntzako kideek, Lakuntzako herritarrekin batera, agerraldi jendetsua egin zuten atzo Sakanako herrian eta erronka jarri zioten euskal jendarteari: 7.049 boluntario biltzea, elkartasun jaialdiaren agur-festa posible egiteko. Eguna borobiltzeko, sorpresa bat ere plazaratu zuten esklusiban, Pello Reparazen sinadura daraman «Bi t'erdi» abestia.

Hatortxuko gune nagusia izango den Beriain belardian egin zuten agerraldia. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

«Agur esatea zaila izan daiteke. Baina errazagoa da zuekin batera», esan zuten Hatortxu Rock jaialdiko antolakuntzako kideek abenduan, Atarrabian azken-aurreko edizioa egitean. Uztailean, 24tik 27ra, elkartasun jaialdiaren agurra ospatuko dute Lakuntzan eta «elkarrekin» hori letra larriz idatziko dela nabarmendu dute. Atzo Sakanako herrian egin zuten agerraldian iragarri zutenez, 7.049 boluntario biltzea aurreikusten dute jaialdia aurrera atera ahal izateko.

Hatortxu Rockeko kide ugari eta Lakuntzako herritarrak bildu ziren prentsaurrekoan, jaialdiaren eta Lakuntzaren artean dagoen ahizpatasuna erakutsiz.

Oraindik ere izen, xehetasun eta sorpresa asko gordeta dituzten arren, dagoeneko agur-jaialdirako 30 taldetik gora ezagutarazi dituzte. Besteak beste, plazetatik aldenduta zeuden zazpi talderen itzulera ere iragarri dute: Never Surrender, Autobus Magikoa, Buitraker, Latzen, Afu, Skatu eta berriz ere abesti batzuk taularatuko dituzten Alaitz eta Maider.

Hori hartuko duen gune nagusian, Beriain belardian, egin zuten agerraldia. «Elkartasun jaialdia da Hatortxu, preso politikoen senide eta lagunen zama arintzea izan duena helburu. Erronka ekonomiko zein politikoa da aldi berean; eta handia da lortu dena; jaialdiaren dimentsioa, kartelak, lortutako erreferentzialtasuna… erronkaren tamainaren lekuko dira. Baina hemen ez dago misteriorik. Formula sekreturik ez duen errezeta da Hatortxurena. Auzolanari esker izan da posible halako egitasmo bat hainbeste urtetan zehar egin ahal izatea», esan zuten Nerea Eugi eta Oihan Ekiza bozeramaileek.

«Hatortxu» urte hauetan guztietan «norbanako ugariz osatutako talde bakar bat» izan dela ekarri zuten gogora. «Bakoitzak bere bertuteak jarri ditu proiektuaren alde. Eta guztiok hiru gauza izan ditugu amankomunean: konpromisoa, ilusioa eta gogoa. Izan ere, bertuteak bertute eta gabeziak gabezia, konpromiso, ilusio eta gogoari esker jaio zen Hatortxu, eta horiei esker egin du bi hamarkada eta erdiko bidea, haziz eta ikasiz, peto laranja soinean (edo gorria edo morea) gure aletxoa jarriz».

Ehunka, milaka, petok osatutako puzzle bat izan da jaialdiaren edizio bakoitza. Eta Hatortxuk «agur» esango badu ere, bere ondarea mantendu egingo dela nabarmendu zuten: «Behar-beharrezkotzat jotzen dugu auzolana bera balioan jartzeko baliatzea azken edizio hau. Lakuntzan lur hartuko duen jaialdia egikaritzeko ezinbestekoa izango delako. Eta ez dugu erronka makala».

Erronka beren gain hartzearekin batera, gizarteari bota zioten. Izan ere, jaialdia gauzatzeko 7.049 txanda bete behar dituzte. «Lakuntzatik dei egin nahi diogu mundu guztiari txanda bat egitera anima dadin eta azken edizio hau modu berezian bizi dezan. Ezinbestekoa delako, bai. Baina baita Hatortxu ezagutzeko modu desberdin bat delako ere. Eta azken aukera izango da. Ez da edonolako jaialdi bat, elkartasunean eta elkarlanean eraikitzen da».

Horrekin bat egin eta izena emateko jaialdiaren webgunean atal berezi bat sortu dute, herri eta auzoetan ere lanketa berezia egiten ari dira eta datozen asteetan Euskal Herriko hamaika txoko bisitatuko dituzte jaialdiaren antolakuntzako kideek, Hatortxu 30 aurkeztu eta auzolanerako gonbita egiteko. Webgunean salgai daude jaialdirako sarrerak.

BERTARATUTAKOEI SORPRESA

Uztail amaieratik harago begira, «militantziaren eta auzolanaren kultura» elikatu nahi du Hatortxu Rockek: «Denon artean egiten dugun herri bat elikatu nahi dugu. Inor preso ez den herri aske bat amesten dugulako. Batera lan eginez izango baikara aske».

Mezu horrekin sortu dituzte, besteak beste, Barnizen “Txandalari” kantua eta atzo Lakuntzara bertaratutakoek esklusiban ezagutu zuten lan berri bat: “Bi t'erdi”, Maskak, Mirua, Juantxo Arakama eta Pello Reparazen artean auzolanean ondutako abestia.

«Petoa izan da gure auzolanaren ikur eta peto laranja eramanen dugu soinean gaurtik uztailaren 27ra arte. Baita haratago ere. Hatortxu Rockek behar eta merezi duen agurra emateko. Bakoitza bere eremuan, baina denon konpromiso, ilusio eta gogoa batuz. Auzolanaren herria gara. Auzolanaren indarra gara. Jantzi petoa eta egin txanda!»; aldarri horrexekin bukatu zuten Lakuntzako agerraldia.