2025 API. 20 Alarma faltsu batek Guggenheim museoa hustea eragin zuen bi ordu eta erdiz Aste Santuko oporraldi betean, Bilbo turistez lepo dagoen asteburuan, Ertzaintzak Bilboko Guggenheim Museoa hustu zuen atzo goizean, objektu susmagarri bat aurkitu ondoren. Inguruko kaleak eta museoaren aurreko zelaigunea itxi zituzten bi orduz, baina eguerdian berrireki zituzten. Jendetza bildu zen museoaren inguruan. Bisitarien ilarak, ateak berrireki zituztenean. (GARA) A.E. BILBO Atzokoa egun nahasia izan zen Bilboko Guggenheim museoko kudeatzaile eta langileentzat, bi ordu eta erdiz itxi behar izan zituztelako ateak, goizean museoko langileek pakete susmagarri bat antzeman zutenean. 12.30 inguruan ireki zituzten berriz ateak, Ertzaintzak instalazioan aurkitutako paketea ikuskatzeko ezarritako segurtasun-hesia altxatu ondoren. Lakuako Gobernuko Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi zutenez, museoa 10.00 baino apur bat lehenago hustu zuten, langileek Ertzaintzari objektu susmagarria aurkitu zutela jakinarazi ziotenean. Kontuan hartu behar da ordu horretan irekitzen dela museoa bisitarientzat. Agenteek oinezkoak igarotzea eragozten zuen polizia-hesia ezarri zuten, eta museoaren aurreko zelaigunea itxi ez ezik, ondoko kaleak ere itxi zituzten... Alarma faltsua zela egiaztatu ondoren, 12.30ean, polizia-lerroa altxatu zuten, eta pinakoteka bisitatzeko zain zeuden ehunka turistak barrura sartu ziren. Museoa itxita zegoen bitartean, sartzeko itxaroten, jendez lepo zegoen sarrera nagusia, Abandoibarrako sarrera itxi egin zutelako. Egoerak nahasmena sortu zuen bisitarien artean, baina, dena den, giroa lasaia zen, euririk ezean, eguraldiak lagundu zuelako. Bilbo bisitariz lepo dago egunotan, eskaintza zabala delako, ez soilik museoei dagokienez, baizik eta, paraleloan, euskal kultura ardatz duen Bilbao Basque Fest jaialdia burutzen ari delako Areatzan eta hiriko beste hainbat gunetan. Hain zuzen ere, Aste Santuak dakarren eskari turistiko handiari erantzun ahal izateko, joan zen astean iragarri zuten datozen bi astelehenetan (apirilak 14 eta apirilak 21, Pazko astelehena) Guggenheim museoa zabalik egongo dela, salbuespen gisa. Gainera, apirilaren 14tik 27ra bitartean, museoak ohi baino ordutegi zabalagoa izango du, eta 20.00etan itxiko ditu ateak.