Ane URKIRI
BILBO
ZESTA-PUNTA

«Goixerri», Miamin distira egitetik Bilboko Iron Cup txapelketara

Bilboko Iron Cup Grand Slamak bigarren edizioa izango du aurtengoan. Ostiralean hasi eta maiatzaren 30ean bukatuko da.

Iron Cup txapelketa jokatuko duten puntistak.
Iron Cup txapelketa jokatuko duten puntistak. (ERAMAN JAI ALAI)

Bilboko Iron Cup txapelketa hasiko da ostiral honetan, 19.00etan, Deportivo pilotalekuan. Grand Slam kategoria duen txapelketa honek bigarren edizioa du aurtengoa eta iazko arrakastaren bidetik jarraitu nahi dute.

«Grand Slam bat da, gauzak serioagoa jartzen dira, bikoteak oso ondo orekatuak daude», adierazi zion NAIZi Xabi Barandikak. Gernikako Winter Series moduko kategoria izango du honek eta, beraz, urrats bakoitzak balio handia izango du. Denboraldiko hirugarren Slama izango da -Donibane Lohizuneko All Starreko finala asteartean jokatuko da- eta honen ostean, beste bost jokatuko dira, uda betean.

Gernikako aurrelaria astelehenean itzuli zen kantxetara, bost astez min hartuta egon ostean eta Zumaiako Masterreko finalera sailkatzeko urratsa eman du. Bilbon, Basque izango du atzelari eta Urreisti-Ibarluzea eta Goixerri-Lopez bikoteak izango ditu aurkari B multzoan.

Hain zuzen ere, Ekaitz Mendizabal “Goixerri” da berritasun handiena Bilboko Iron Cupen. Mutrikuarra Magic City pilotalekuko izarra da. AEBetan dabil 2019tik eta Daniako pilotalekua itxi zenean -bertan Jai Alai Fall Challenge irabazi zuen 2020an-, Magic Cityn trebatu da. Zenbait txapelketa irabazi ditu bertan, bere anaia Aratzekin batera, eta bertako puntista nabarmenetakoa da. «Jendea gogoz dago bere maila ikusteko eta ea ikuskizun handia eskaintzen duen», adierazi du Iñaki Osa Goikoetxeak, Eraman Jai Alai enpresako kirol zuzendiariak, Bilboko Deportivon eginiko aurkezpenean.

Orain ere Magic Cityko txapelketa nagusiko play-offerako sailkatu da eta Bilboko Iron Cupekin batera uztartuko du. Mutrikuarra «oso pozik» dago Euskal Herrira itzuli eta zirkuitu lehiakor batean aukera izateagatik: «Hainbeste urte eta gero bueltan naiz eta pozik nago. Denbora generaman Goikorekin [Osa Goikoetxea] hitz egiten eta aurten posible izan da. Bi txapelketa handi jokatuko ditut, pilotaleku oso ezberdinetan».

Lopez bezalako beterano batekin osatuko du bikotea Bilbon eta lehen aurkaria bere lehengusu eta herrikide Eñaut Urreisti izango da, azken denboraldiko sentsazioa.

«Ume-umetatik ezagutzen gara, erlazio oso ona daukagu; AEBetara joan izan naizenetan ere asko lagundu dit. Pozik gaude biok, profesional mailan elkarren aurka jokatuko dugulako, Bilbo bezalako eszenatoki handi batean; pozgarria da guretzat, bai eta Mutrikuko gazteriarentzat ere», onartu du Urreistik.

A multzoan ere maila handiko pilotariek neurtuko dituzte indarrak. Erkiagak Gorka Sorozabalekin osatuko du bikotea. Lekeitioko Masterrean garaipena eskuratu berritan, Iron Cupen ere bide beretik jarraitu nahiko dute Ispaster eta Biarritzeko puntistek, Jai Alai ligako bi onenek. Olharan eta Lekerikak ere bikote oso indartsua osatzen dute, edozeini aurre egiteko modukoa, eta Laduche-Del Riok osatuko dute A multzoa.

Emakumezkoen txapelketa maiatzaren 16an, abiatuko da. Master kategoria izango du eta Jai Alai Ligarako puntuagarria izango da hau ere.

Elaia Gogenolak iazko txapela errepikatu nahi du, Frida bizkartzain duela. Lehen finalerdian, Helena Barrenetxea eta Maia Goikoetxea izango ditu aurkari. Beste finalerdian, maiatzaren 23koan, Maialen-Ihart eta Maite-Oaia bikoteek neurtuko dituzte indarrak.