GARA Euskal Herriko egunkaria

Hegaldien gorabeherek sor ditzaketen zalantzak argitzeko Erreklamatu zerbitzura jo dezateke erabiltzaileek

Hegaldiak ezeztatuta Loiuko aireportuan. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Aste Santua igaro berri da eta sarritan ezusteko ugari izan ohi da norabait bidaiatzeko hegaldiak hartzean.

Halakoetarako, Erreklamatu deritzon zerbitzuak hamar urte baino gehiago daramatza bezeroei laguntzen gisa horretako erreklamazioen kudeaketan, eta doako zerbitzu bat dauka kaltetutako bidaiariei informazioa eta aholkuak emateko.

Jon Ortiz Larruceak, hegaldien inguruko erreklamazioetan espezializatuak, NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketan azaldu zuenez, hegaldien atzerapenak izaten direnean jatekoa, edatekoa eta ostatua jasotzeko gastu guztiak hegazkin-konpainiak hartu behar ditu bere gain.

Kalte-ordaina jasotzeko eskubideari dagokionez, aldiz, desberdina da. Hegaldia bertan behera uztearen erantzulea konpainia baldin bada, beti izango dugu kalte-ordaina, Ortiz Larruceak argitu zuenez: «Beraz, oinarrizko eskubideak beteta izateaz gain, kalte-ordain bat jasotzeko eskubidea ere izango genuke».

Eguraldiak sortutako arazoak, ostera, ezin zaizkio konpainiari leporatu. Hegaldia horregatik atzeratu edo bertan behera geratu baldin bada, ez da konpainiaren errua. Beraz, ez luke kalte-ordainik eman beharko.

Hegaldia atzeratuta iristen denean baina aire konpainiak ez duenean hori onartzen, erabiltzaileari gastuak badakarzkio -adibidez, momentuan bertan beste hegaldi bat hartu beharra edo oinarrizko eskubideen gastuak gure gain hartzea- «tamalez momentuan erabiltzaileak egin beharko die aurre», azaldu zuen. Hala ere, gerora konpainiari erreklamatu dakizkiokeela zehaztu zuen.

Konexioei buruzkoak dira sortzen diren beste zalantza batzuk. Erreklamatu zerbitzuko adituaren esanetan, konexioa erreserba beraren barruan baldin badago, nondik irten garen eta amaieran nora helduko garen hartzen da kontuan. Bestela, bi erreserba desberdin badira, galdutako hegaldi hori gastu gehigarri bezala eska daiteke.