GARA Euskal Herriko egunkaria

Nafarroako lan ezbeharrak «gizarte-larrialdi» izatea nahi du CCOOk


CCOO sindikatuak eskatu du Nafarroako lantokietan «larrialdi sozial» gisa hartzea datuek islatzen duten laneko ezbehar-tasa handia. Izan ere, espainiar Estatuko datuen arabera, heriotza eragiten duten istripu gehien duen erkidegoa da, eta baja eragiten duten istripuen intzidentzia ere handia da.

Sindikatuak ohar batean atzo adierazi zuenez, Lan Ministerioaren 2024ko datu ofizialek erakusten dute Nafarroan «egoera oso larria» dela. 2023an hamaika pertsona hil ziren beraien lanpostuetan edo etxearen eta lanaren arteko ibilbidean, eta 2024an 22 izan ziren hildako langileak.

Gainera, Nafarroak 67 istripu larri erregistratu zituen 2024an (58 lanean eta 9 in itinere), eta 12.381 istripu arin. 2023an 68 istripu larri izan ziren (53 lanean eta 15 in itinere) eta 2022an 90 (76 lanean eta 15 lanerako bidean).

Beraz, sindikatuak enpresei eta administrazioei eskatu die zaintza areagotzeko eta laneko ezbeharrak «erronka sozial» gisa hartzeko, lanean osasuna hobetzeko eta istripuak prebenitzeko ahaleginak areagotzeko.

CCOOk dioenez, etorkizuneko istripuak saihesteko beharrezkoa da politika publiko aktiboak bultzatzea eta Lan Ikuskaritzaren giza baliabideak eta baliabide materialak sustatzea, Lanaren Nazioarteko Erakundeak gomendatutako ratioetara helduz.