2025 API. 28 BURUZ BURUKO TXAPELKETA 2025 Etxeberriaren azken sake ausartak Elordiren atzetik aurrerakoa ito du Atzoko porrotarekin, finalerdietara sailkatzeko aukerarik gabe geratu da Elordi. Bizkaitarra 13-19 atzetik joatetik 21-20 irabaztera igaro zen, baina azken sake txarra egin zuen, eta neurketa 21na zela, Etxeberriak zabalera egindako sakeak erabaki zuen dema. Etxeberriak zabalera atera zuen azken sakea ausarta bezain eraginkorra izan zen. (Andoni CANELLADA | FOKU) Arnaitz GORRITI Adorea behar da gero Peio Etxeberriak Zumaiako partida 21na zela egin zuena egiteko! «Andonik -Gaskue, Etxeberriaren botileroak- ezker hormara ateratzeko esaten zidan, baina ezin nuen», onartu zuen zenotztarrak. «Aitor -Elordi- txokoan ezker hormaren inguruan oso ondo sartzen ari zen eta, tira, zabalera ateratzea aukeratu dut. Gaizki atera izan balitz ere, gustura nengoke erabaki hori aurrera eraman dudalako, baina ondo atera denez, are eta gusturago», adierazi zuen nafarrak. Lehertuta eta gorputz osoa dardarka zuela amaitu zuen zenoztarrak, baina Buruz Buruko Txapelketa nagusian bizirik dirau, eta hemendik bi aste barru Iñaki Artolarekin final laurdenetako partida zuzen bat izango du. Irabazten duena finalerdietara pasatuko da. Aitor Elordi, berriz, 21-20 irabazten ari zela egindako sake oker horrekin oroituko da ziurrenik. Mallabikoa 13-19 galtzen izan zen, baina sakea eta errematea uztartuz 20-19 aurreratzea lortu zuen eta baita 21-20 ere. Une horietan, nahiz eta nafarra arnasa luzeko pilotaria den, bizkaitarra osoago zegoen, aurkaria Elordi bera baino lehertuago, akaso. Baina bere azken sakea trakets burutu zuen, eta hurrengo errematea, kontrakantxara, metro beteko okerrarekin. Hala, markagailua 21na zela, nahita zabalera atera zuen Peio Etxeberriak, teniseko passing shot paralelo bat balitz bezala. Zumaiako Aitzuri pilotalekuan builaka ari ziren 623 zaleak une batez isilarazi ere egin zituen zenoztarraren atrebentziak. Baina a zer nolako ausardia! Sakea zuzen atera zuen nafarrak; Elordik, sarera igotzen den tenislariaren moduan, albotik pasatzen ikusi zuen pilota, eta berau balekoa izan zen, hala lauko marraren ostean, nola kontrakantxako mugaren barruan. SAKEAREN PISUA Sakea nork atera, hark abantaila; hori da Buruz Burukoaren sekretuetako bat, eta horrela erabaki zen atzo Zumaian ere. Bereziki Etxeberriak min handia egin zion Elordiri sakeaz aurreneko erdian, zuzenean tantoak egiteaz gain, piloteoa bere alde jartzen zuelako. Noski, bizkaitarrak sakea berreskuratu zuen bakoitzean gauzak batekoz bestera gertatzen ziren. Egia da saketik tanto bakarra egin zuela Elordik, baina, partidak aurrera egin ahala, sake bueltan gantxoaz gero eta arriskutsuago azaldu zen Buruz Buruko txapeldun ohia. Ondorioz, markagailua Elordiren alde 5-0tik Etxeberriarentzat 5-7ra igaro zen moduan, handik 9-7ra joan zen, eta handik 12nako berdinketara. Han bai, han Etxeberriak bere arnasa luzea eta kolpe gogorragoa inposatzen asmatu zuen. Hain zuzen, Elordik aukeraketa egunean apartaturiko pilota batekin aritu zen nafarra, eta horri etekin handia atera eta 13-19 aurreratu zen. Elordi ez zegoen etsitzeko, ordea. Eta sakea berreskuratuta, erotu egin zuen Etxeberria, markagailuari buelta eman zion arte. Mallabikoaren zoritxarrerako, azken sake eskasak ez zion lagundu, eta Etxeberriak maisuki amaitu zuen. FINAL LAURDENAK«Zumaiako partida hau final zortzirenetako kanporaketa zuzen bat bezalakoa zen. Eta Artolaren kontra bi aste barru jokatu behar dudana, berriz, final laurdenetakoa. Oso nekatuta nago, baina oso pozik, era berean», adierazi zuen Peio Etxeberriak, Elordi mendean hartu ostean.