2025 API. 28 Mugaz gaindi euskarak eta euskal kulturak festa giroan nafarrak batu ditu Baigorrin GARA BAIGORRI Euria ez zen oztopoa izan atzo Baigorrin, Nafarroaren Eguna festa giroan ospatzeko. 1979. urtetik datorren tradizioari jarraituz, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia mugaz gaindi euskal kultura eta euskararen bitartez elkartzen dituen jaiak irudi ederrak utzi zituen beste urte batez, plaza dantzariz beterik erakutsiz, esate baterako. Deialdia egiten duen Basaizea elkarteak nabarmendu zuenez, 1979 urrun hartatik hona gauza anitz aldatu dira, baita euskal kulturari dagokionez ere. «Gure aldarrikapen katea, aldiz, ez da sekula moztu, nahiz eta denboran zehar aldatu den», adierazi zuten. Bestalde, azpimarratu zuten «kateak erasotzeko etengabeko saiakerak» egin dituztela azken hilabeteetan. «Gure balore kateak suntsitu nahi izan dituzte iaz, Nafarroaren Egunean emaniko LGBTIK+ bandera urratuz. Eskuin muturrak eta faxismoak indar eta leku gero eta gehiago hartzen duen heinean, kateak lot ditzagun!», erantsi zuten. EUSKARAK «NEHOIZ BAINO INDAR GEHIAGO BEHAR DU» Euskarak azkenaldian pairatzen duen oldarraldia aipatu zuten jaiaren antolatzaileek, hizkuntzaren kontrako erasoei aurre egitera deituz. «Indibidualismoa zabaldu eta gure arteko kateak hautsi nahi dituzte, baina guk norberaren etxeko ateak ireki eta erasoen kontra batzeko deia zabaltzen dugu, elkartasun kateak lotuz. Euskararen kateek nehoiz baino indar gehiago behar dute, gure hizkuntzaren kontrako erasoei aurre egiteko eta dena delako oldarraldiari katez kateko erantzuna emateko», esan zuten Nafarroaren Egunaren antolatzaileek. Faxismoaren gorakada ere gogoan izan zuten atzo Baigorrin zabaldutako mezuan. «Lurrak, bizitzako lehen kateak ere faxismoaz sufritzen du azken urteetan. Zentimetro karratu amankomun gero eta gutiago eta jabetza pribatu gehiago kateatzeko asmoz, sistema kapitalistaren ateak paretak bilakatzen ari dira. Kateekin ateak hautsi ditzagun, norberaren mugaren ateak eta norberaren nahitik engaiamendu kate kolektibo eta oso bat sortu dezagun, faxismoaren diskurtsoak suntsituz, euskararen kontrako jarrera oldarkorrak salatuz eta lurraren suntsitzea oztopatuz», adierazi zuten Baigorritik zabaldutako mezuan.