GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA - MENDI LASTERKETAK

Euskal txapelketak Bizkaian eta Nafarroan

Eskalatzaileak, Climbat Barakaldo rokodromoan. (EMF)

Hego Euskal Herriko mendizale federazioek antolatutako proba ofizialei dagokienez, eskaladak eta mendi lasterketek txoko berezia izan dute asteburuan, eta bietan ohiko txapelak banatu dira.

Climbat Barakaldo rokodromoak jaso zuen Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Zailtasuneko Euskadiko Txapelketa. Nahiz eta antolatzaileek lan bikaina egin zuten eta lehian zehar giro oso ona egon zen, txapelketa horrek ez zuen eguna biribiltzeko aukerarik izan. Zoritxarrez, gure lurraldean zein nazioartean hainbat lehia egun berean jokatu ziren: Blokeko Nafarroako Txapelketa, Europako Kopa (zenbait euskal ordezkari egon ziren) eta aipatu dugun azken hau.

EMFren hitzordua nota handiarekin amaitu zen. Enrique Beltran eta Iñaki Arantzamendi izan ziren txapelketaren ekipatzaileak. Sailkapenetan lau bide prestatu zituzten kategoria ezberdinetan, eta sei onenak finalera sailkatu ziren.

Seniorretan, emakumezkoetan, Ines Allende aise gailendu zen, bidea kateatu ondoren. Jon Barrutiak ere ez zuen arazorik izan mutilen kategorian irabazteko.

Lizarran jokatutako Blokeko Nafarroako Txapelketan, Gorka Karapetok, Andres Jordanak eta Ibon Mendiak bloke oso interesgarriak prestatu zituzten. Nafarroako txapelak, nagusien mailan, Iratxe Lasherasentzat eta Martxel Vicariorentzat izan ziren.

NAFARROA XTREM

Zubiriko herrian irteera eta helmuga izan zituen Nafarroa Xtrem lasterketan espero ziren baldintzak bete ziren: laino itxia, euria eta hotza.

Lasterketa horrek Euskal Herriko Txapelketa jaso zuen ultra modalitatean. Nesken kategorian, Jocelyne Paulyk irabazi zuen 68 kilometro eta 4.000 metroko desnibel positiboa izan zituen ibilbidean (8:49:02).

Bigarren sailkatuari, Oihana Azkorbebeitiari, 10 minutu eta 39 segundoko aldea atera zion. Abadiñokoa izan zen Euskal Herriko Txapelketaren irabazlea.

Mutilen mailan, Iraitz Legorburuk sasoi bikaina erakutsi zuen, eta ez zuen oztoporik izan Zubirin lehena izateko (6:53:12).