2025 API. 30 Donostiako Gizarte Ekintza greban dago, eta EH Bilduk baliabideak eskatuko ditu GARA DONOSTIA Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako langileek otsailean abiatu zituzten lanuzteak eta greba egunak lan baldintza duinak aldarrikatzeko. Aste honetan ere hiru greba egun dituzte, astelehenetik asteazkenera bitarte. Babes zabala jasotzen ari dira langileak, eta EH Bilduk gaurko kontrol mozioan «baliabide profesionalak urgentziaz handitzea eta baldintzak hobetuko dituzten neurriak ezartzea» eskatuko du. 2025 hasieran Udaleko Langileen Batzordeak salatu zuen dagoen lan-karga ezin dutela bere gain hartu. Eta gobernu taldearen «arduragabekeriak» asko kezkatzen dituela salatu zuten. ELAk adierazi zuenez, batzordeak arduradun politikoei proposamena osatzeko galdegin zien, eta hala ez den bitartean «greban eta mobilizazioekin jarraitzea beste aukerarik ez dago», baieztatu zuen. EH Bilduko Izar Hernandok atzo egindako prentsaurrekoan adierazi zuen «irtenbidea erdiesteko helburuz» gaurko Osoko Bilkuran kontrol mozioa defendatuko dutela. «Besteak beste, egitura eta antolakuntza beharren azterketa egitea eskatu dute langileek, neurriak hartu ahal izateko», azaldu zuen atzo Izar Hernandok. Eta gaineratu zuenez, horiek guztiak «Donostia bezalako hiri zahartu batean eta bizi dugun ziurgabetasun handiko egoeraren testuinguruan» irakurri behar dira.