GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUTESKUNDEAK KANADAN

Liberalek botereari eustea lortuta, Mark Carney izango da lehen ministro

Kanadako liberalek laugarren aldiz jarraian irabazi dituzte hauteskundeak. Neurri handi batean, Donald Trumpi zor diote garaipena, porrot handi batera zihoan alderdiak iragarpenak irauli baititu AEBko presidentearen mehatxuen ondorioz. Orain, oldar horri erantzun beharko dio gobernu berriak; Mark Carney lehen ministroak ohartarazi du ez dutela amore emango Trumpen aurrean.

(Sean KILPATRIC | Canadian Press-DPA-EUROPA PRESS)

Ottawan astelehen gaueko hamarrak eta Euskal Herrian atzo goizaldeko laurak zirenean itxi zituzten Kanada mendebaldeko azken hautetsontziak. Handik ordu laurdenera, nahiz eta ekialdeko probintzia txikietako botoak baino ez egon zenbatuta, CBC Kanadako irrati-telebistak bere proiekzioa ezagutarazi zuen: liberalak garaile ziren.

Herrialdearen ekialdean dauden Atlantikoko probintziek ez dute biztanle askorik eta Parlamentuan ere ordezkaritza txikia dute. Baina hautetsontziak ixten lehenak dira eta, ondorioz, zenbaketan aurreratuenak izan ohi dira. Lehen datuetan ez zen eserlekuen banaketan alde handirik ageri, baina iragarritako datu bat bete zen: botoaren kontzentrazioa bi alderdi nagusietan metatu zen (liberalak eta kontserbadoreak), NDPko ezkerraren edo Berdeen kaltean.

Aurreratutako botoak ere parte-hartze handia iradokitzen zuen; zazpi milioi boto izan ziren astelehena baino lehen, boto-eskubidea zutenen ia laurdenak. Datu horiek eta esku artean zituzten inkestak, aski izan ziren herrialdeko hedabide nagusiek xake-matea iragartzeko. Hauteskunde historikoetan, herrialdean ezohikoa den emaitza zegoen; alderdi batek laugarrenez irabaztea, alegia. Poza lehertu zen Mark Carneyren aldekoen artean, Ottawa hiriburuko egoitza nagusian.

Gauean zehar Parlamentuko aulkiak banatzean egongo ziren txalo eta oihuetan lehena zen. Aparteko bozkarioa lehertu zen, esaterako, Toronto-St Paul’s barrutian liberalak garaile zirela iragartzean. Ez zen emaitza harrigarria ere, XXI. mendean zehar liberalak gailendu baitira, harik eta iazko udan egin behar izan zuten bozketan kontserbadoreek aulki hori kendu zieten arte.

Izan ere, ziurtzat jo ohi zuten barrutiak kontserbadore bozkatzu izanak nabarmen utzi zuen liberalekiko eta Trudeauren gobernuarekiko herritarrek konfiantza galdu zutela. Atzoko garaipena, aro berri baten hasiera gisa irakur liteke. Zenbaketa amaitu gabe, ez dirudi gehiengo osorako behar diren 172 aulkiak eskuratuko dituztenik liberalek, baina gutxiengoan gobernua eratzeko moduan izango da Carney. Ez da ahaztu behar joan den udazkeneko inkestetan kontserbadoreak %50etik hurbil zeudela, eta 25 puntu baino gehiago ateratzen zizkietela liberalei. Zenbait inkestak NDP ezkertiarrarekin parekatuta ageri zuen Trudeauren alderdia, eta Quebec-en Bloke Quebectarrari garaipena ematen zioten. Egun, oso urruneko kontuak dirudite duela hiruzpalau hilabeteko datu horiek.

TRUMPEN ERAGINA

Kanadako kontserbadoreak zur eta lur geratu ziren porrotarekin. Liberalen aurreranzko joera Donald Trumpek mehatxu eta irainei ekin eta gutxira nabari baziren ere, azken egunotan giroa baretu ahala kontserbadoreek zertxobait aurrera egin zutela zirudien. Baina beranduegi zen, kanpainan ere beranduegi erreakzionatu zuten gisa berean. Pierre Poilievre-ren “Lehenbizi Kanada” leloak Donald Trumpek “America” hitzarekin (AEBri buruz, noski) erabilitakoaren antz handiegia dauka, nahiz eta ahalegin berezia egin duen kanpainan zehar Etxe Zuritik bereizteko.

Astelehenean, hauteskunde-egunean bertan, Donald Trumpek kanadarrei idatzitako mezua hautagai eskuindarrari eman ziezaiokeen bultzada kaltegarriena bihurtu zen ziurrenik. Azkenean, Ottawako bere barrutia ere, -eta ondorioz, Parlamentuko eserlekua-, galdu zuen Poilievrek.

Edozelan ere, polarizazioak bipartidismoa indartu du, eta zenbait aulki garrantzitsu eskuratu dituzte kontserbadoreek: Torontoko aldirietako 905 barrutian nagusitu dira, baita Ontarioko beste gune industrial batzuetan ere. Badirudi krimenaren aurkako jarrera gogorraren mezuari heldu diotela langile-klaseko inguru horretan. Era berean, ezkerraren zatiketatik ere lortu dute aulkirik Columbia Britainiarrean. Poilievrek porrota onartu arren, Kanadako emaitzetan «birtualki berdinketa» egon zela esan zuen, eta gobernu liberalaren kontrola egitera dei egin zien kanadarrei.

Kontserbadoreek haizea guztiz alde zutenean, Trump tsunamia iritsi zen, eta ez ziren egokitzeko gai izan. Poilievrek Trudeauren eta haren neurrien aurka jarraitu zuen, baita lehen ministroak dimititu eta Mark Carneyk «ikatz-tasa» kentzea agindu zuenean ere. Liberalek justu kontrakoa egin dute: Trudeau erabat «ezkutatu» kanpainan eta Trumpen mehatxuan eta Kanadaren aldeko mezu abertzalera eraman fokua.

Ez da inorentzat atsegina munduko pertsonarik boteretsuenak bullyinga egitea, baina kanadarrei bereziki zaie mingarri, AEBk duen aliatu leialenetakoa izan baitira historikoki. Are gehiago, ez daude ohituta: munduko herrialde gehienek badute mehatxu, gerra edo inbasioren baten memoria. Kanadak, ez: XIX. mendean Kanadako federazioa sortu zenetik, inork ez dio haren subiranotasunari mehatxu egin orain arte. Kanadarrek erabateko eraso gisa hartu dute Trumpek AEBko 51. estatu bihur daitezen egindako adierazpenak, eta muga-zergekin etengabe erabili duen jarrera mafiosoa. Horrek guztiak kanadarrak astigar-hostoaren bandera zuri-gorrian biltzera eraman ditu. Kasualitatea, gorria liberalen kolorea ere bada, eta haiek gorpuztu dute Washingtonen aurreko defentsa patriotikoa.

MARK CARNEYREN LIBERALEN GARAIPENA KONTSERBADOREEN AURKA DAUDEN KANADAKO GAINERAKO ALDERDIEK

galdutakotik puztu da. Porrot handiena, ziurrenik, NDP ezkertiarrari dagokio. 24 aulki izan dituzte azken legealdian, horien erdiak Columbia Britainiarra mendebaldeko probintzian, eta oraingoan zazpi inguru izango dituzte. Besteak beste, Jagmeet Singh alderdiko buruak ere galdu zuen probintzia horretako eserlekua, eta dimisioa eman zuen. Botoen %10 baino gehiago joan zaizkie; gutxi-asko liberalek irabazi dutena.

Quebec-en jarraituta, Bloke Quebectarrak ere askoz emaitza hobeak espero zituen duela ez askora arte, eta astelehen gauean zehar bere ohiko guneetako batzuk liberalen esku geratzen zirela ikusi zuten. Hala ere, Parlamentuko hirugarren alderdia izango dira.

KANADAKO LEHEN MINISTROAK

kanpainan zehar adierazi duen bezala, Trumpen aurrean eusten dakiela erakutsi beharko du. Badirudi Etxe Zuriko bizilagunak ere Trudeauri baino errespetu handiagoa diola (edo ez duela hura beste mespretxatzen, behinik behin). Esanguratsua izan zen behin-behineko kargua hartu eta atzerriko lehen bisita Keir Starmer eta Emmanuel Macronengana izatea, eta ez Washingtonera.

Bidenabar, Londres eta Parisen ostean Iqaluit-era joan zen, Nunavut inuiten lurraldeko hiriburura, Artikoak hartu berri duen garrantziaren adierazle. Era berean, Carneyren lehen deia Macronekin izan zen atzo. Europako, Australiako, Txinako zein Indiako goresmenak jaso zituen garaipenagatik, baina Etxe Zuria isilik egon zen (Joe Bidenek zoriondu zuen). BBCri emandako elkarrizketan, Carneyk berretsi zuen Kanada AEBn sartzeko Trumpen asmoa ez dela «sekula ere gertatuko».

Aurrerantzean ere, Europarekiko lotura estuagoak bultzatuko ditu, ziurrenik, Carneyk, Washingtonen probokazio eta mehatxuen aurrean. Kontuak kontu, esportazioen %80 AEBra daukan herrialdea da eta, Europarekiko merkataritza hauspotuta ere, kopuru horretan aldaketa handiak gertatzeko denbora luzea beharko da.