GARA Euskal Herriko egunkaria
LA BUENA LETRA

Isiltasunaren soinua


Filmaren hasieran esaldi hau azaltzen da: «La buena letra es el disfraz de las mentiras» (Letra ona gezurren mozorroa da); hitz horiek emango diote bidea kontakizunari eta filmaren gai nagusiari.

Istorioa Valentziako herri batean girotuta dago, gerraostean, non Ana (Loreto Mauleon) familiarekin aurrera ateratzen saiatuko den, baina ez du lan erraza izango; izan ere, bai Tomas (Roger Casamajor) bere senarrari, bai Antonio (Enric Auquer) koinatuari lana aurkitzea kosta egingo zaie. 36ko gerrak zauri sakona ireki du familiako kide guztiengan; batez ere, Antonio koinatuarengan.

Zuzendariak klixe historikoak saihestu eta garaiko egunerokoan eta pertsonaietan zentratzen den narratiba intimoa eskaintzen du; eszenaratze neurritsua eta plano-konposizio minimalista, baina kontakizunak eskatzen duen neurrikoa, gerraosteko etsipena eta tentsio emozionalak transmititzeko.

Isiltasunen eta eguneroko errutinaren bidez emakumeen erresistentzia erretratatzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da filma. Ikusleak bete beharreko hutsune interesgarri ugari uzten ditu gidoiak: ezer ez da murtxikatua ematen, sotiltasun narratibo eta bisuala da nagusi une oro.

Anak, protagonistak, garai zailetan beren familiak sostengatu zituzten emakume ikusezin eta anonimoak irudikatzen ditu. Loreto Mauleon euskal aktoreak lan itzela egiten du protagonistaren rola jokatzen. Gerraosteko memoria, sakrifizioa eta erresilientzia femeninoari buruzko hausnarketa sakona oparitu digu Clavellinok.

Frankismoaren osteko emakume belaunaldi oso baten isiltasunaren soinua ozen entzuten da “La buena letra” filmari esker.