2025 MAI. 01 Konpetentzia BBVAk Sabadell erostearen alde, orain Madrilek du azken hitza GARA MADRIL Estatu espainoleko Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak BBVAk Banco Sabadell erosteko aukera, konpromisoekin, onartu zuen atzo. Erabaki horrek Gobernu espainolari atea irekitzen dio eragiketa honi buruzko iritzia emateko eta, are gehiago, eragiketa egiteko baldintzak gogortzeko. BBVAk Sabadelli Erosteko Eskaintza Publikoa egiteko baimena Sabadellek Katalunian berriro egoitza soziala ezarri, proposamena mahai gainean jarri eta urtebetera iritsi da. Bilera luze baten ostean, Lehia Aretoak irizpena aho batez onartu zuela aditzera eman zuen Efe agentziak. Konpetentziak operazioa konpromisoak eta kondizioak betetzera baldintzatzen du, eta Carlos Cuerpo Ekonomia ministro espainolak gaia Ministroen Kontseilura eramatea erabaki arte ebazpena ez da irmoa izango. Gobernu espainola hasiera-hasieratik operazioaren aurka dagoenez, ziurtzat jotzen da Ekonomia ministroak gaia Ministroen Kontseilura eramatea erabakiko duela arauak jasotzen duen hamabost eguneko epean, nahiz eta BBVAk espero duen Estatu espainoleko Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren baldintzak nahikoa izango direla Pedro Sanchezen Exekutiboaren zalantzak argitzeko. Generalitatea eta Sabadell bankua ere erosketaren aurka daude.