2025 MAI. 13 Auzoa Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Mikelek deitu dit ea auzoko festetan haurrei ipuinak kontatuko dizkiedan. Baiezkoa eman diot, noski. Bizi naizen betiko auzoan ipuinak kontatzeak eta, gainera, euskaraz, kristoren ilusioa egiteaz gain, konpromisoa ere bada inguru erdaldunduetan gure hizkuntza normaliza dezagun. Milaka erdaldunen artean, euskaldun gutxi batzuk ginen gure auzoan. Euskara etxe barruko hizkuntza zen, eta batzuetan ezta hori ere. Gaur egun, ordea, ipuinak euskaraz kontatzea eta haur guzti-guztiek arazorik gabe ulertzea, harrigarria izateaz gain, hunkigarria ere bada. Orduko hartan imajinaezina egiten zitzaigun. Horregatik ezin uko egin lagunaren proposamenari. Langile auzoa, garai bateko dendak eta tabernak desagertuta, aisialdian sozializatzeko aukera bakarretakoa dira jaiak. Sardina-jana, txokolate-jana, musika, auzo bazkaria… eta kontalaria. Horrelako proposamenek gogoetarako bidea eman ohi didate kontalariok jendartean dugun zereginaz. Festak prestatzen, auzolanean, auzorako, beren denbora librean aritzen dira auzotarrak: txosnako txandak egiten, txokolate-jana eta auzo bazkaria prestatzen, hiru egunez goizetik gauera auzoa animatzen. Horretan guztian, nire aportazio xumea auzoko haurrei ipuinak kontatzea da. Euskaraz. Orduan zentzua hartzen du kontalaritzak, porlanezko auzoa lurralde fantastikoa bihurtzean.