GARA Euskal Herriko egunkaria

Salbuespen egoera amaitzeko, 28 geltoki gainditzeari ekin dio Sarek

«Konponbidearen puzzlea osatzea» helburu, herriz herri dabil asteburu osoan zehar Sareren ekimena. Lesakatik abiatu zen atzo goizean, helmuga gaur Iruñean duela, eta Donostiatik pasa zirenean argi utzi zuten ez dutela «salbuespena» amaitu arte etsiko.

Puzzlea Osatu Arte ekimenaren irteera Lesakan egin zen atzo. Beheko argazkietan, Donostian egin zen geldialdia eta Galdakaoko ekitaldia. Han eman zioten bukaera atzoko ibilbideari. (Aitor KARASATORRE eta Aritz LOIOLA | FOKU)

Lesakatik Irunera, Irundik Oiartzunera, Oiartzundik Errenteriara, Errenteriatik Lezora... Goizeko 10.00 zirela atera zen atzo bidera “Puzzlea osatu arte” izeneko Sareren udaberriko ekimena. Bi egunetan zehar, 28 geltoki eta aldarri bat: hiri eta herri horietan diren 57 preso, oraindik salbuespen neurrien pean guztiak, ahalik eta azkarren etxerako bidean izatea, gainerakoekin batera.

Geltoki horietako bakoitzean agurtu zuten ekimena eta bat egin zuten helburuarekin. Adierazpena irakurtzeaz gain, ekimen ezberdinak egin zituzten han-hemenka, xumeak eta arinak; abiada ez galtzeko, guztira 544 kilometro zeharkatu behar dituelako karabanak. Eta herri guztietan, bertako presoen izena daramaten banderolak zabaldu ziren.

Galdakao izan zuen atzo helmuga lehenengo «etapak», eta bigarrenak, gaurko egunean, Berango eta Iruñea lotuko ditu.

Donostian atzo eguerdian geldialdia egin zuten Antiguako Gaskuña plazan; zanpantzarrek egin zieten harrera, auzotar ugarirekin batera. Bertan, ekimenaren nondik norakoak bildu zituen Beñat Uribe-Etxeberria Sareko bozeramaileak hedabideen aurrean: «28 herri hauetan aldarrikatu nahi duguna horrenbeste urtetan horrenbeste sufrimendu eragin duen gatazkak utzi dizkigun ondorioen konponbidea da», aipatu zuen.

«Elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu -jarraitu zuen-, ondorio hauekin guztiekin bukatzea ezinbestekoa da; preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbiderako eta biolentzia ezberdinen biktimek horrenbeste merezi eta horrenbeste behar duten egiarako, aitortzarako eta erreparaziorako bidean urratsak egin behar dira».

Sarek berretsi duenez, 57 preso hauei oraindik jartzen zaizkien trabak alboratuko balituzte, «lege eta politika arruntak» aplikatuz, «euskal presoen %100 etxean egongo litzateke».

Horregatik aukeratu dute «puzzlea osatzeko» metafora: 28 hiri eta herri hauetako piezak kokatu behar dira oraindik. Eta honako hau jakinarazi dute: «Lanean jarraituko dugu euskal gizartearekin batera, euskal preso guztiek etxerako bidea egin dezaten».

EZ SOBERAN EZ FALTAN

Puzzlea ari da izaten herriz herri irakurritako adierazpenaren gako nagusia. Honela dio: «Soluzioen puzzlea erabat osatu behar dugula sinetsita gaude, taula berean denok elkarren ondoan biziko bagara, ezinbestekoa delako. Izan ere, horixe da puzzle bat: eraikuntza harmoniatsu bat, non pieza bat bera ere ez baitago soberan eta bat bera ere ez baita falta. Badakigu ze pieza ditugun, eta taulan denak sartzen ditugunean bukatuko da lana, ez lehenago».

OLERKIETAN KATEATUTAKOAK

Bi olerkariren hitzak kateatu dituzte idatzi honetan. Lehena, Leopoldo de Luis, Francoren garaian espetxeratua izan zen Kordobako idazlea. Orain biziberriturik ageri zaizkigun bertso hauek idatzi zituen: «Hacer un puzzle es conseguir que todo concuerde con los límites del sueño/ Porque soñar, jugar, vivir, son solo formas de despejar la misma incógnita/ Formas variadas de escoger las piezas y limar sus bordes ásperos».

Bigarrena, Leire Gandarias: «Askotan, puzzlea osatzeko pieza bakar bat falta delarik bukatzen da denbora», esana du. Hauxe erantsi du Sarek, ondorio gisa: «Hori gertatzen denean, alferrikakoa bihurtzen da ordura arte egindako ahalegina. Beraz, azken piezak lehenbailehen aurkitu eta jarri beharra dago. Ez dezagun denbora hiltzen utzi».

Hernani, Villabona, Lizartza, Orio, Ondarroa, Lekeitio, Durango eta Gernikatik igaro zen Sareren puzzle ibiltaria, eta Galdakaon bukatu zuten atzoko bidea.

Gaur, Arabatik eta Gipuzkoatik igaroko da Sare Herritarraren egitasmoa, eta, puzzlea osatuta, Iruñean emango dio bere amaiera.