GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Peio Etxeberriak lekua egin du podiumean

Etxeberria goitik behera nagusitu zen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hirugarren posturako lehia inork gutxik jokatu nahi izaten du Buruz Burukoan, eta irabazi arren datorren urtean serieburu izango ez dela jakitun, akaso ez zion horrenbesteko pozik emango Peio Etxeberriari, nahiz eta datorren igandeko podium nagusian lekutxo bat behintzat irabazi zuen atzo Iker Larrazabal airean eraman eta gero.

«Sakez min eman diot eta bereziki nire jokoan oso zentraturik mantendu naiz. Asko kosta zait txapelketan zehar kontzentrazioa mantentzea, beti aurkariek zer egingo begira nenbilelako», aitortu zuen garaipena erdietsi ostean zenoztarrak.

Ez baitzen Iker Larrazabalen eguna izan, ezta batere. Tarteka egundoko pilotakadak eman zituen Amurrioko semeak, baina oker edo behar ez zen lekura botatakoak gehiago izan zituen arabarrak zuzen eta egoki emandakoak baino, eta Peio Etxeberriak, berea ondo eginez, uste baino errazago eraman zuen hirugarren posturako dema.

Aurreneko tantoa Larrazabalek egin bazuen ere, binako berdinketaz geroztik Etxeberriaren kolorea hartu zuen norgehiagokak. Sakearekin asmatzen hasi zen Etxeberria eta ezkerraz bikain jokatu zuen, gainera.

Partida aurreneko atsedenaldira iritsi gabe egonagatik, ia galduta balego bezala jokatzen ibili zen Iker Larrazabal, tanto bakoitzean bi egin nahiko balitu bezala. Halakoetan, presaka ari denari dena oker ateratzen zaio eta halaxe izan zen. 45 minutu pasatxo beteta, erraz nagusitu zen Peio Etxeberria.