GARA Euskal Herriko egunkaria

Bilboko Jesus Maria ikastetxea itxiko dute, ehun lanpostu arriskuan jarriz


Bilboko Jesus Maria ikastetxeak ateak behin betiko itxiko ditu, 67 urteko ibilbidea egin ondoren. Eskolako langileek atzo aditzera eman zutenez, orain dela gutxi jaso dute komunikazio ofiziala: ikastetxea abuztuaren 31n itxiko dute.

ELAk ohar baten bidez ezagutarazi duenez, ehun lanpostutik gora galdu daitezke eskola itxitakoan. «60 langile zuzenean kalean geratuko dira, eta horiei gehitu behar zaizkie garbiketa, sukaldaritza, garraio eta begirale zerbitzuetako beste dozenaka langile», azaldu dute.

Hasiera batean, lanpostu suntsiketa saihesteko asmoz, Jesuitinas eta Jesus Maria ikastetxeak batzeko proiektu bat aurkeztu zuten, baina maiatzaren 12an egitasmoa bertan behera gelditu zen.

ELAk gaitzetsi du ordutik ez dela «inolako alternatibarik» mahai gainean ezarri.

«Martxoaren 18tik greba mugagabean dauden langileek salatu dute Eusko Jaurlaritzak, Kristau Eskolak eta Bidaide Fundazioak ez dietela inolako erantzunik eman, ez dokumentazio eskaerei, ez negoziazio eskaerei», esan zuen Lakuntza buru duen sindikatuak.

Kudeaketa falta salatzeko, Jesus Maria ikastetxeko langileek elkarretaratze informatiboa egin zuten atzo Bilboko Plaza Biribilean. Horrez gainera, Lakuako Gobernuaren jokabidea gaitzetsi zuten beharginek.