2025 EKA. 06 SIRÂT Bidaia mistikoa basamortuan GAIZKA IZAGIRRE HERNANI Sirat” filmak orain aste gutxi amaitu den Canneseko zinema jaialdian Epaimahaiaren Saria irabazi zuen. Gainera, berriki jakin dugu Neon enpresa ahaltsuak erosi duela filma Ameriketako Estatu Batuetan banatzeko. Horrek argi eta garbi erakusten du lehiaketak izan duen eragina, eta, nazioarteko apustu horri esker, filma faboritoetako bat izan liteke hurrengo Oscar sarietan Estatu espainola ordezkatzeko. Gizon bat (Sergi Lopez) eta bere semea (Bruno Nuñez) Marokoko mendien erdian dagoen rave batera iritsi dira, desagertutako Mar alaba eta arrebaren bila. Euren argazkia behin eta berriz banatzen dute musika elektronikoak eta ezagutzen ez duten askatasun mota batek inguratuta. Desesperazioak eta hainbat frogak bultzatuta, desagertutako neska gaztearen bila joango dira basamortuaren erdian dagoen pertsona talde batekin. Narratiba inguratzailea, zinematografia liluragarria eta eszena bakoitza bultzatzen duen soinu-banda originala dira Oliver Laxe-ren filmaren oinarriak. Marokoko mendietan gertatzen den bidaia mistiko eta kontenplatiboa da, non gizatasunaren eta jainkotasunaren arteko muga lausotzen den. OLIVER LAXE Guraso galiziarren seme hau Parisen jaio zen 1982an, baina sei urte zituela joan zen Galiziara familiarekin. Bere zinema estiloa «kontenplatibo, espiritual eta erradikal» gisa etiketatu izan dute askok. Bere ibilbideak lotura estua du Canneseko Zinemaldiarekin, eta hainbat sari jaso ditu bertan: 2016an, “Mimosas” filmarekin Kritikarien Astearen Saria eskuratu zuen; 2010ean, “Todos vosotros sois capitanes” filmarekin, Fipresci saria; 2019an, “O que arde” lanarekin, Un Certain Regard sailean Epaimahaiaren Saria eta, azkenik, 2025ean, “Sirat” filmarekin, Epaimahaiaren Saria. Laxe Galiziako Navia de Suarna herrian bizi da, eta bertan kultura eta ingurumen ekintza ugari sustatzen ditu.