2025 EKA. 11 Egitura berrituta, irailarekin itzuliko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irailaren 28an hasiko da Urdulizen. Berrikuntzak dakartza 2025eko edizioak, izan ere, egitura berritu dute eta finalaurrekoa bi bueltatan jokatuko dute. Lehen fasean 30 bertsolarik kantatuko dute. Finala Bilboko Casillan izango da abenduaren 20an. Nerea Ibarzabalek, 2023ko edizioan txapelduna izandako bertsolariak, ez parte hartzea erabaki du. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena Bilbon egin zuten. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU) NEREA LAUZIRIKA BILBO Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irailaren 28an abiatuko da, egitura berriturik. Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura Diputatuak, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsolari Elkarteko lehendakariak eta Ione Narbaiza elkarteko koordinatzaileak atzo Bilbon aletu zituzten txapelketaren nondik norakoak. Aditzera eman zuten Nerea Ibarzabal 2023ko txapeldunak ez parte hartzea erabaki duela. Narbaizak adierazi zuenez, aurreko txapelketaren ostean hartu zuten egitura aldatzeko erabakia. Horrela, finalaurrekoak bi bueltara jokatuko dira. Finala hartuko duen espazioa izango da beste berrikuntza, Casillan egingo baitute. Irailaren 28an hasiko da lehenengo fasea, Urdulizko kultur etxean egingo duten saioarekin. Bertan, Aitor Bizkarra, Garazi Navarro, Garikoitz Sarriugarte, Izaro Bilbao, Koldo Gezuraga eta Mikel Retolazak kantatuko dute. Urriaren 4an Beñat Bilbao, Iker Uriarte, Iruri Altzerreka, Jone Larrinaga, Lurdes Ondaro eta Txaber Altube arituko dira Lekeitioko Ikusgarri zineman. Mungian egingo dute saioa hurrengo egunean, Olalde aretoan, eta bertan jardungo dute Ander Ucelay, Imanol Uria, Josune Aramendi, Maite Sarasola, Peru Vidal eta Unai Mendiburu bertsolariek. Galdakaoko Torrezabal aretoan urriaren 11n egingo duten saioan lehiatuko dira Araitz Katarain, Asier Galarza, Bittor Altube, Enare Muniategi, Irune Basagoiti eta Paule Ixiar Loizaga. Fasea Getxoko Muxikebarri Arrigunaga aretoan itxiko dute; bertan kantatuko dute Aitor Esteban, Ibai Amillategi, Janire Arrizabalaga, Koldo Muñiz, Mikel Goiriena eta Peio Molinuevo bertsolariek. BBTn lehen aldia du Molinuevok. 30 bertsolari arituko dira lehen fasean: Udabarria Bertsotan sailkatze fasetik datoz 21, eta gainerako 9ak iaz finalaurrekoetara sailkatu ziren. 11 pasatuko dira finalaurrekora, 5 saioetako irabazleak eta beste 6, puntuazioz sailkatuko direnak. Finalaurrekoetako lehen bueltara zuzenean sailkatuko dira 2023ko finalistetako 7, hots, Aissa Intxausti, Jone Uria, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Finalaurrekoetako bigarren bueltan lehen bueltako hiru irabazleak eta puntuazioz sailkatutako beste 9 arituko dira. Finalera sailkatuko dira bi bueltetako puntuazioak batuta puntuazio altuena eskuratu duten 8 bertsolariak. FINALAURREKOA, BI BUELTATAN Finalaurrekoaren lehen buelta Zeanuriko Ibarreta frontoian, Abadiñoko probalekuan eta Barakaldoko Lasegarre kiroldegian egingo dituzte, urriaren 26an, azaroaren 2an eta azaroaren 9an, hurrenez hurren. Bigarren bueltako lehen saioa Bermeoko Artza frontoian jokatuko dute azaroaren 15ean, eta bigarrena, hilaren 22an, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Saio guztiak 17.00etan izango dira. Sarrerak salgai daude dagoeneko, bertsosarrerak.eus atarian. Baten bat sobera balego, txarteldegian eskuragarri egongo dira saioaren egunean bertan. SARRERAKSaio guztiak 17.00etan izango dira. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian. Sobera baleude, txarteldegian egongo dira: lehen fasean 16.30ean, finalaurrekoetan 16.00etan eta finalean 15.30ean.