2025 EKA. 12 Miren Arzalluzek irekiko ditu EHUren Udako Ikastaroak EHUren 44. Udako Ikastaroen inguruko zehaztasunak eman zituzten atzo Donostiako Miramar Jauregian. Guggenheim Museoko zuzendari Miren Arzalluz arduratuko da irekiera hitzaldia egiteaz uztailaren 2an. Orotara, 152 ikastaro antolatu dituzte. UIKen xehetasunak eman zitutzen atzo Donostian. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) agerraldia egin zuen atzo Udako Ikastaroen berri emateko. Miren Arzalluz arte historialari eta Bilboko Guggenheim museoko zuzendari nagusiak eskainiko du 44. edizioaren irekiera hitzaldia uztailaren 2an Donostiako Miramar Jauregian. Bestalde, aurten Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako ikastaroak eta hezkuntzako profesionalei zuzenduriko programa bereziak izango direla adierazi zuten. Miramar Jauregian egin zen ekitaldian Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak, Juan Ignacio Perez Lakuako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak, Begoña Pedrosa Lakuako sailburuak, Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Idoia Otaegui UIKko zuzendari akademikoak parte hartu zuten. Uda Ikastaroak jada abian direla azaldu zuten, eta irailaren amaiera bitartean 152 Uda Ikastaro eta 14 «workshop» programatuta daudela gaineratu zuten. Ohi bezala, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo dira jarduera gehienak. Baina hirietatik harago, «lurraldean zehar ibiltaria izateko helburua oinarri», beste zenbait tokitan ere ikastaroak egingo dituztela nabarmendu zuten. «GARAIKO DESAFIOAK» Hezkuntzako profesionalei zuzenduriko programa bereziak izango dira, Hezkuntza Sailak UIKrekin elkarlanean sustatzen baitu “Irakasteko ikasten” programa, hezkuntza zentroetako irakasleei zuzendua, eta “Ikasiz Hezi”, etengabeko prestakuntza plana, unibertsitateaz kanpoko irakasleei zuzendua. Lehen programaren kasuan, 25. edizioa izango da aurtengoa, eta hamasei ikastaro eskainiko dituzte. Eta beste hamar, “Ikasiz Hezi” izeneko programaren barnean antolatutakoetan. UIK-ko arduradunen esanetan, «garaiko desafioak oinarri harturik», askotariko gaiak hizpide izango dira. «Ziklo estrategikoetan ardaztu dira ikastaroak. Eta aurtengo eskaintzan bereziki nabarmendu dira Kultura eta Artea zikloari loturiko ikastaroak, hala nola Gizartea, Osasuna, Hezkuntza, Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresa zein Zientzia eta Teknologiari dagozkionak», zehaztu zuten.