2025 EKA. 13 Seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza ukatu dute EAJk eta PSEk Seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza 18 urte bete arte luzatzea proposatu zuen EH Bilduk atzo Gasteizko Parlamentuan. EAJk eta PSEk, ostera, ezezkoa eman zioten koalizio subiranistaren proposamenari. Seme-alaba bakoitzeko hilean 200 euroko laguntza luzatzea ez dute onartu. (Jon URBE | FOKU) GARA GASTEIZ Seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza 18 urte bete arte, modu progresiboan, luzatzea proposatu zuen koalizio subiranistako parlamentari Edurne Benitok atzo, bai eta zerga kenkariak hobeto integratzeko aukerak aztertzea ere, «zerga kenkari unibertsala bermatzeko, errenta txikia duten familiak kanpo gera ez daitezen». Hori horrela, «ulertezintzat» jo zuen EH Bilduk bere proposamenari ezezkoa ematea EAJk eta PSEk. «Gaur ez dute onartu, baina goizago edo beranduago neurri horiek martxan jarriko dira. Kontua da zenbat denbora gehiago galduko duen Jaurlaritzak», nabarmendu zuen Benitok. Izan ere, legebiltzarkideak gogora ekarri zuen bere proposamena bat datorrela Familiei Laguntzeko Jaurlaritzaren IV. Planak jasotakoarekin eta hainbat erakunderen, besteak beste, Save The Children, Unicef eta Hirukideren babesa duela. Hala, azpimarratu zuen «zilegi» dela galdetzea «zergatik ez duen bete Familiei Laguntzeko IV. Planak zioena, edo zergatik ez duen oraindik aurkeztu V. Plana, duela hiru urte eginda behar zuena». «EAJ eta PSE denbora galtzen ari dira erronka demografikoari modu eraginkorrean heltzeko eta haurren pobreziari aurre egiteko», gehitu zuen EH Bilduko legebiltzarkideak. Save The Childrenen txosten baten arabera, EAEko haur eta nerabeen %24 lan pobrezia egoeran bizi dira. Benitoren iritziz, «bistan da familiak eta haurrak babesteko politikak ez direla ez Gobernu honen, ez aurrekoaren lehentasuna izan eta politika eraginkorrak behar ditugula». ERRONKA DEMOGRAFIKOA PARLAMENTUAN Gasteizko Parlamentuak atzera bota zuen EH Bilduren beste proposamen bat ere; erronka demografikoari aurre egiteko familien aldeko politikei buruzko osoko bilkura monografikoa egiteari ezezkoa eman dio. Mozioaren aurka bozkatu zuten EAJk, PSEk, PPk eta Voxek. Testu horren bidez, koalizio subiranistak eskatzen zuen Lakuako Gobernuak Ganberara sei hilabeteren buruan familia prestazioen sistema unibertsal bat bultzatzeko proposamen bat eramatea, hazkuntzan laguntzeko, errenta txikienentzat onura fiskalak lortzeko eta horrela «desberdintasunak» murrizteko. JAIOTZAK BEHERABENITOK GOGORARAZI ZUEN ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOAN JAIOTZE TASA BERRIRO JAITSI DELA ETA IZAN DEN BAXUENA DELA 1975AZ GEROZTIK.