GARA Euskal Herriko egunkaria

Milaka euskaltzale bildu ziren Araba Euskarazen, Bastidatik Gasteizera

Araba Euskaraz 2025 ospatu zuten atzo Gasteizen, eta milaka izan ziren goizetik hasita bertaratu ziren euskaltzaleak. Aurtengo edizioan batutako dirua Arabar Errioxan dagoen Bastida ikastolara bideratuko dute. Hurrengo urtean Amurrioko Aresketa ikastolak izango du Araba Euskaraz antolatzeko ardura.

‘Etengabe’ lelopean ospatu zuten atzo Araba Euskaraz. (Endika PORTILLO | FOKU)

Araba Euskaraz 2025 jaia egin zuten atzo Gasteizen, Arabako Errioxan dagoen Bastida ikastola babesteko. 1979an sortu zen, bederatzi ikaslerekin, eta orain 130 ikasle baino gehiago ditu. Ikastola honek egundoko garrantzia izan du Arabako Errioxan gertatu den euskararen biziberritzean, eta bere jarduera behar-beharrezkoa da oraindik, lortutako guztiak atzera egin ez dezan.

Ehunka lagun batu ziren jaira, “Etengabe” lelopean Arabako hiriburua euskaraz blaitzeko. Baina jaia astebete eskasean inprobisatu behar izan den agertoki berrian egin zuten. Izan ere, Olarizuko lorategietan antolatua zuten hasieran, azken urteetan ohitura zen bezala, baina lorezainen grebaren eraginez espazio hori ez zegoen eroso ibiltzeko moduan. Horrela, Armentia ikastolaren, Mendizorrotzako aparkalekuaren eta Prado parkearen inguruan egin zuten azkenean.

Hasiera ekitaldian Karmele Jaio idazle gasteiztarrari aitortza egin zioten antolakuntzako kideek, euskalgintzari egindako ekarpenagatik.

«BIDEA ERRAZTU DUGU BETI»

Unai Mendizabal Arabako ikastolen elkarteko lehendakariak azpimarratu zuenez, ikastolek «beti erraztu diete bidea Araban ikasi nahi zutenei, inori egoera sozioekonomikoaren arabera oztopoak jarri gabe». «Bidea leundu diogu eta leunduko diogu guregana etorri nahi duen orori», nabarmendu zuen ekitaldian.

Bertan izan zen, besteak beste, Lucia Torrealday Lakuako Hezkuntza Politiketako sailburuordea. Euskara-eskoletatik kanpo ere hizkuntza hori bultzatzeko deia egin zuen Torrealdayk, eta ikasleak euskaraz hezten jarraitzeko «ahalegin berezia» egin behar dela onartu zuen, «biziberritu» dadin.

Lautada Gunean, Armentia Ikastolaren patioan jarria aurten, txikienentzako eskaintza bildu zuten: Go!azen, Argitxoren Txokoa, Asier Kidam magoa, Dantza Plazan, Arabako ikastoletako ikasleen “Etengabe Txoua”... Mendizorrotzako aparkalekuan, aldiz, Mendia Gunea paratu zuten. Bertatik, Akerbeltz, Izaki Gardenak, Pluk eta Zilibito Recordsen kontzertuak pasa ziren, eta Haurren Basoa eta herri kirolak ere han egin zituzten. Prado parkean -hau ere lorezainen grebaren eraginpean- Erreka Gunea izan zen. Trikoma, Marte Lasarte, Modus Operandi, Rosamari DJ eta Monkey Tximinok jo zuten egunean zehar eta “Hazten eta Jolasten” tailerrak garatu ziren.

Hurrengo urtean Amurrioko Aresketa ikastolak izango du Araba Euskaraz 2026 antolatzeko ardura.