2025 EKA. 16 ARRAUNA Orio eta Arraun Lagunak, Espainiako txapeldun Arraun Lagunakek arantza kendu ahal izan du. (A. LOIOLA | FOKU) GARA Denboraldiko Eusko Label eta Euskotren ligak noiz hasiko zain -uztailaren lehen asteburuan hasiko dira-, zenbait txapelketa garrantzitsu ospatu dira azken asteetan. Gipuzkoa eta Bizkaiko Txapelketak eta Euskadikoa behin igarota, pasa den asteburu honetan Espainiakoaren txanda izan da. Eta bertan, Castro Urdialeseko uretan, Oriok, gizonetan, eta Arraun Lagunakek, emakumeetan, ez dute hutsik egin. Mirotzak azkarrenak izan ziren larunbatean, kanporaketako estropadan, eta atzo berretsi zuten euren nagusitasuna. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabaztetik zetozen, eta Espainiakoa ere etxera eraman zuten. Oriok talde indartsua osatu du denboraldi honetarako, eta buru du Gorka Aranberri patroia. Egon den toki guztietan, garaile atera da zarauztarra, eta aurten oso kontuan hartzeko trainerua izango da Orio. Atzoko A finalean, 19.57.29ko denbora lortuz, bost segundoko aldeagatik irabazi zioten Bizkaiko txapeldun den Zierbenari (bigarrena izan zen), 14 segundogatik hirugarren izan zen Donostiarrari, 20 segundogatik Bermeo Urdaibairi eta 54 segundogatik Chapelari. B finalean, Pasai Donibane izan zen azkarrena (20.29.40). Atzetik geratu ziren Pedreña, Astillero, Castropol eta Castreña. ARANTZA KENDUTA Emakumeetan, Arraun Lagunakek Orioren abantaila bera behar izan zuen gailentzeko. 10.35.25eko denborarekin, bost segundoko aldea atera zion Tolosaldeari. Donostiarrek arantza kendu ahal izan zuten, Euskadiko Txapelketan Tolosaldeak eraman baitzuen bandera etxera, lehia estu baten ostean. Hibaikak hirugarren denbora onenarekin konformatu behar izan zuen (10.53.99); Astillero laugarren izan zen (11.03.49), eta Zarautzek itxi zuen sailkapena (11.05.58). Beteranoen txapelketan, Samertolameuk (10.08.32) oso gutxigatik kendu egin zion bandera Badok 13 ontzi euskaldunari (10.10.06). Cabo izan zen hirugarren, Chapela laugarren eta Rianxo bosgarren. Azkenik, beterano mistoetan, Esteirana izan zen txapelduna (11:05,02). Plentziako Baltza bigarren izan zen, 26 segundora, Iberiak hirugarren amaitu zuen, Sestaok laugarren eta Getxoko Arriluzek bosgarren.