2025 EKA. 18 Amiantoaren biktimak konpentsatzeko araudia onartu du Gobernu espainolak Amiantoaren biktimei konpentsazioa aitortzeko prozesua jasotzen duen Errege Dekretua onartu du Gobernu espainolak, eta 32.000 eta 96.000 euro artekoak dira ordainak. Amiantoren biktimek egindako manifestazio bat. (Jon URBE | FOKU) GARA MADRIL Gobernu espainolak Ministroen Kontseiluan atzo onartu zuen amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikoaren eskubidea aitortzeko «baldintzak eta prozedura» ezartzen dituen Errege Dekretua, Inklusio, Osasun eta Trantsizio Digitaleko ministerioek proposatuta. Argitaratu eta hiru hilabetera indarrean sartuko da. Araudiak 21/2022 Legea erregelamendu bidez garatzea onartu du. Lege horren bidez, amiantoaren biktimentzat konpentsazio funts bat sortu zen, eta honako hauek jaso ditu: onuradunak nortzuk izan daitezkeen, aitorpena jasotzeko bete behar dituzten baldintzak, konpentsazioa eskatzeko eta onartzeko prozedura, eta kalte ordainen zenbatekoa. Testuak onuraduntzat jotzen du amiantoak eragindako lanbide gaixotasunaren ondoriozko ezintasun iraunkorreko pentsio baten aitorpen administratibo edo judizial irmoa lortu duena, edo epai irmoaren bidez kalte ordaina kobratzeko eskubidea duena (betiere epaia osorik edo zati batean betearazi ezin izan badute). Onuradunak izango dira, halaber, Errege Dekretu honen eranskinean jasotako gaixotasunen bat dutenak, inguruabar jakin batzuen ondorioz; eta izaera hori aitortuta dutenen oinordekoak (beste batzuen eskubideak jasotzen dituztenak baitira). Zenbatekoa zehazteko ezarritako baremoa aplikatuko du Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (INSS), amiantoarekiko esposizioaren ondoriozko patologien arabera. Zenbateko hori zehazteko, kontuan hartu da lanbide gaixotasunek eragindako ezintasun iraunkor absolutuko pentsioaren urteko batez besteko zenbatekoa 2024ko abenduaren 31n: 32.207,08 euro, asbestosiagatik; 48.310,62 euro, laringeko minbiziarengatik; 64.414,16 euro, biriketako minbiziagatik; eta 96.621,24 euro, mesoteliomagatik.