2025 EKA. 19 56 enpresak gutxieneko soldata propio baten aldeko mozioa aurkeztu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek agerraldia egin zuten atzo Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean, gutxieneko soldata «duin eta erreal bat» exijitzeko Hego Euskal Herrian. Adierazi dutenez, gutxieneko soldatak «bereziki» eragingo dien sektoreetako ordezkariek soldata propioaren aldeko mozioak jaso dituzte enpresetan. Gehiengo sindikalaren agerraldia, Bilbon, gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzearen alde. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Markel GARZON GOITIA BILBO Gehiengo sindikalak Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propio bat eskatu zuen atzo Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean. Lanbide Arteko Akordioaren eta Herri Ekimen Legegilearen bideak ireki dituztela iragarri zuten. 56 enpresatako langileen ordezkariek mozioak aurkeztu dituzte dagoeneko. Gutxieneko soldata propioa lortzeko xedez, bi bide abiatu dituztela azaldu zuten. Bata, bertako eskumenen arabera Lanbide Arteko Akordio bidez patronalarekin negoziazioa hastea. Bestea, Herri Ekimen Legegilearen bidez, autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea; eta, horretarako, milaka sinadura biltzen ari dira ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuak. Hala ere, salatu zutenez, Confebask eta CEN patronalek «ezezko biribilarekin» erantzun zioten lehenengo bideari. «Munduko toki guztietan gutxieneko soldata kohesiorako eta pobreziatik ateratzeko tresna da; Confebaskek eta CENek uko egin zioten hori hemen negoziatzeari, eta argazki honekin erakutsi nahi izan dugu nor utzi dituzten atzean», esan zuen Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak. BIGARREN EKIMENA, AURRERA Sindikatuek informatu bezala, gutxieneko soldata propio baten aldeko mozioa aurkeztu dute dagoeneko 56 enpresak. «Mozioa jaso dute gutxieneko soldata propio batek zuzenean eragingo lieketen sektoreetako ordezkariek, hala nola Arabako adinekoen egoitzetakoek, osasun klinika txikietakoek, hoteletako langileek, Bizkaiko elikagaien merkataritzakoek, lorezainek, Enplegu Zentro Berezietakoek, bulegoetako langileek, telemarketineko langileek eta Amazongo langileek», azaldu zuten. Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak adierazi zuen gutxieneko soldata propio batek «bereziki» eragingo liekeela «gizartean lan baldintza okerrenak dituzten sektoreei». Onuradunak izango liratekeen langileak, nagusiki, emakumeak, gazteak, zaintzaileak, ostalaritzako langileak, langile migratu eta arrazializatuak direla ohartarazi zuen Lopetegik. Dinamika horrekin, gutxieneko soldata propio baten alde, «prekaritatearen aurkako sindikalismo feminista, antirrazista eta subiranista» egiten ari direla defendatu zuen. Bilbon egindako agerraldian sindikatuek euskal langileei dei egin zieten «modu masiboan» eman dezaten haien sinadura. Gisa berean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 56 enpresak babestu dute dagoeneko gehiengo sindikalak bultzatutako Herri Ekimena. Haien artean, esaterako: EHU Garbikuntza edo Gipuzkoako anbulantziak. SINADURA BILKETASindikatuek langileei dei egin zieten atzo, «modu masiboan» eman dezaten haien sinadura. Gisa berean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 56 enpresak babestu dute dagoeneko gehiengo sindikalak bultzatutako Herri Ekimena.