2025 EKA. 20 Bero boladen egun kopurua bikoiztu egin da azkenengo bost hamarkadetan Lakuako Gobernuak klimak EAEn azken 50 urtean izan duen bilakaerari buruzko lehen azterketa argitaratu du. Batez besteko tenperatura 0,3 gradu zentigradu igo da hamarkada bakoitzeko eta bero boladen maiztasuna eta iraupena handitu egin da. Azken bi mendeetan itsas maila 20 zentimetro baino gehiago igo da. Tenperatura gora, Bilboko kaleetan. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA BILBO Tenperaturen etengabeko igoera, bero boladak eta antzeko muturreko gertaeren maiztasun handiagoa, itsasoaren mailaren igoera... klima aldaketak 1970etik 2023ra arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izan duen eragin zehatza aztertu du Lakuako Gobernuak, Ihobe sozietate publikoaren bidez eta Euskalmet-Euskal Meteorologia Agentziaren laguntzarekin argitaratutako “Klimaren egoera Euskadin” lehen txostenean. Hori Euskalmetek egindako erregistroei esker izan da posible, 30 urte baitaramatza datuak biltzen, Lurra Behatzeko Europar Batasuneko Copernicus Programak eskaintzen duen baino zehaztasun lokal handiagoarekin. Txostenak nazioarteko eta eskualdeko datu zientifikoak sintetizatzen ditu, orain arte lurraldean kliman ikusitako aldaketen ikuspegi integrala emanez, eta etorkizunerako proiekzio klimatikoen analisiekin osatzen ditu, datu zehatzagoak eta tokiko errealitatera egokituak izateko. 0,3 ºC GEHIAGO HAMARKADA BAKOITZEKO 1970etik EAEko tenperatura 0,3 gradu igo da hamarkada bakoitzeko. 2022a eta 2023a izan ziren erregistratutako beroenak. Txostenak bero boladen maiztasuna eta iraupena handitu dela nabarmentzen du. Hamarkada bakoitzean, 1970etik, sei gehiago izan dira egun bero eta oso beroak -batez besteko tenperaturak eta maximoak ohi baino askoz altuagoak direnak- eta gau beroak -tenperatura minimoak ohi baino askoz altuagoak direnak-. Udako egunei dagokienez, tenperatura maximoa 25 ºC-tik gorakoa izan duten lau egun gehiago egon dira hamarkada bakoitzeko. 2022a eta 2023a 75 egun bero baino gehiago izateagatik nabarmentzen dira, 2020an erregistratutakoak 20 egun baino gehiagotan gaindituta, azken hori egun bero gehien izan duen hirugarren urtea izanik. Bero boladen egun kopurua bikoiztu egin da: 1970-2000 aldian 4 egunekoa zen, eta 2014-2023an, ia 9koa. Beroaldietan erregistratutako batez besteko tenperatura maximoak ere gorakada erakusten du. Ekitaldirik luzeena 2003an izan bazen ere, 12-13 egun arteko iraupenarekin, 2022an gertatu zen bero bolada gehien, aurrekaririk gabeko urtea izanik, 23 egun baino gehiagoko bero boladekin. Datu horiekin batera, egun hotzak eta izotz egunak gutxitu dira. ITSAS MAILA, 20 ZENTIMETRO GORA AZKEN BI MENDEETAN Itsas mailaren igoerari dagokionez, 2,5 milimetro igo da urtero 1993tik. Bresteko mareografoak, hau da, Bizkaiko golkoko Bretainiako hirian denboran zehar itsasoko uraren maila erregistratzen duen tresnak, 20 zentimetrotik gorako igoera erakusten du azken bi mendeetan. 2050. urterako itsas maila 26 zentimetro igoko dela aurreikusita dago, eta 2100erako, 51 eta 100 zentimetro artean. «Mehatxu garrantzitsua» da hori, kontuan hartuta EAEko biztanleen %60 inguru kostaldeko udalerrietan bizi direla eta, kalkuluen arabera, 2100. urtean 40.000 pertsona bizi daitezkeela urak har ditzakeen eremuan, agertokirik okerrenean. Bizkaiko golkoko itsas azalaren tenperaturari dagokionez, 0,25 gradu inguru igo da hamarkada bakoitzeko. 2023an, anomaliek 1 °C-ko atalasea gainditu zuten, 1991-2020 epealdiarekin alderatuta. 2023an kostaldean itsas azalaren batez besteko tenperatura inoiz erregistratutako beroena izan zen. «ERRONKEI BEHAR BEZALA ERANTZUN» Joana Egiluz Lakuako Babes Zibileko sailburuordeak hau adierazi du: «Aspalditik ikusten dugu aldaketa nabarmenak gertatzen ari direla klima aldaketarekin lotutako fenomeno meteorologiko kaltegarrietan, eta, horren ondorioz, hainbat tresna sortu eta garatu behar ditugu, horrelako egoera larrietan sor daitezkeen kalte berriak minimizatzeko gai direnak. Horregatik, ezin dugu ahaztu administrazio gisa dugun erantzukizuna Euskadiko behaketa sarea mantentzeko eta hobetzeko. Tokiko kalitatezko daturik gabe, ezinezkoa da klima aldaketak planteatzen dizkigun erronkei behar bezalako ezagutzarekin heltzea, ezta alerta goiztiarreko sistema egokiei eustea ere, hori baita gure egunerokoan funtsezko tresnetako bat». “Klimaren egoera Euskadin” txostenak agerian utzi du erronka klimatikoei aurre egiteko egokitzapen eta arintze neurriak ezartzen jarraitu eta indartu beharra dagoela, eta erakundeen, enpresen eta herritarren arteko lankidetza beharrezkoa dela nabarmendu du «etorkizun erresiliente eta jasangarriagoa lortzeko». ITSASOABizkaiko golkoko itsasoaren azaleraren tenperaturari dagokionez, 0,25 gradu zentigradu inguru igo da hamarkada bakoitzeko. 2023an batez besteko tenperatura inoiz erregistratutako beroena izan zen.