GARA Euskal Herriko egunkaria
FALL

Logika 0, adrenalina 100


Muturreko klima, animalia basatiak, gosea... Bizirik iraute zinemak, survival movies izenez ere ezagunak, obra esanguratsuak utzi ditu zazpigarren artean. Muturreko baldintzetan bizirik irauteko borrokan ari diren pertsonak jartzen dira narrazioaren erdigunean, eta zama emozional zein fisiko handia izaten dute. “Fall” horietako bat da. Hiru urteko atzerapenarekin iritsi da Hego Euskal Herrira, zuzenean VoD plataformetara.

Becky eta Hunter eskalatzaileak dira filmeko protagonistak. Bi lagunek 600 metro baino gehiagoko altueran dagoen irrati dorre batera igotzea erabaki dute. Gailurrean direla, eskailera apurtuko da, eta ahal duten guztia egin beharko dute bizirik irauteko.

Lehen oharra: bertigoa baduzue, film honekin une txarrak biziko dituzue. Dorrearen gaineko eszenetan asko sufrituko duzue.

Bigarren oharra: proposamena oso arrunta da; ez espero ausardia narratibo iraultzailerik. Bizirik iraute zinemaren topiko guztietatik inolako lotsarik gabe elikatzen da: pertsonaien traumak, adiskidetasuna, gidoi biraketa behartuak eta gero eta zentzugabeagoak diren oztopoak.

Hirugarren oharra: filma topikoz josita dago, antzezpenak erdipurdikoak dira, narrazioa gehiegi luzatzen da, eta zenbait egoera guztiz sinesgaitzak dira.

Eta, hala eta guztiz ere, “Fall” filmak ongi funtzionatzen du. Akats nabarmenetatik harago, bere helburua bikain betetzen duelako: entretenitzea eta tentsio handiko uneak sortzea. Filmak badaki nola jokatu bertigoarekin, espazio murriztuekin eta ikuslearen antsietatearekin.

Adrenalinak gainezka egiten duen esperientzia baten bila dabiltzan ikusleek gozatuko dute. Izerditan eta kirioak dantzan, besaulkira itsatsita mantenduko zaitu.