2025 EKA. 26 Euskarazko prosari buruzko kritika bat, eleberri beltz gisa Kepa Altonaga Sustatxaren saiakera berria aurkeztu du Pamielak: “Patrizioak eta plebeioak. Gure prosaren emergentzian”. Kepa Altonaga, saiakera berriarekin, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU) MAIDER IANTZI DONOSTIA “Patrizioak eta plebeioak. Gure prosaren emergentzian” saiakera plazaratu du Kepa Altonaga Sustatxak Pamielarekin. Lander Majuelo editoreak eleberri beltz batekin konparatu zuen, atzoko aurkezpenean, biologo, irakasle eta idazleak osatu duen lana. «Berezitasuna da nola korritzen duen testuak, zenbat pista gurutzatzen diren, detektibe nobela bat bailitzan. Udarako aproposa da, saiogintza ekartzen duelako dibulgazio sozialera». Egileak euskarazko prosaren garapen historikoaren hurbilpen bat egin nahi izan du. Hortik abiatuta, zenbait ondoriotara iritsi da. Bere ustez, ezinbestekoa da «esplizituki ezagutaraztea bizi dugun desorientazio egoera negargarria, zuzendu ahal izateko». «Gure gaurko prosaren argi-ilunen inguruko gogoeta suspertu nahi dut, era kritiko batean, ohiko autokonplazentzia saihestuta», adierazi zuen. «Gure prosaren emergentzia-prozesuaren sei unetara» hurbildu da. Atal batean baieztatzen du, adibidez, «nulua» izan zela Peñafloridak gure letretara egindako ekarpena, «gainerako euskal ilustratuena bezala». «PURISMO ERREMANENTEA» Gaur egun, «purismo erremanentea» bizi dugula uste du. Zientzialaria izaki, adibide batekin azaldu zuen: «Sumendietatik laba ateratzen denean, laba horrek partikula bolkanikoak ekartzen ditu, eta momentuaren magnetismoaren arabera hozten denean, hor gelditzen da markatuta non dauden partikula horiek. Purismo erremanentea antzekoa da, konturatu gabe historia horren marka daukagu. Prosa eredu homologarri bat eraiki behar dugu, purismo erremanentea ezereztuz. Horretarako, lehenago puristak garela ohartu behar gara», aldarrikatu zuen egileak.