GARA Euskal Herriko egunkaria
GRENFELL: UNCOVERED

Etekin ekonomikoak vs giza bizitzaren balioa


Grenfell dorrea Londresko North Kensington barrutian kokatutako eraikina zen; 24 solairutan banatutako 120 apartamentu zituen, 120 etxebizitza sozial.

2017ko ekainaren 14an, sute tragiko batek dena suntsitu zuen, 72 hildako utzi zituen. Lekukoen, adituen eta bizirik atera zirenen ahotik, “Grenfell: Uncovered” dokumentala egin zen, eta sutea eta ondorengo ikerketa azaltzen ditu.

Babes ofizialeko etxebizitza horiek auzo aberats baten erdian zeuden, eta auzotar batzuek uste dute horrexegatik erabaki zuela eraikina kudeatzen zuen KCTMO erakundeak kanpoko aldea apaintzea. Apaintzeko erabili zuten materiala merkatuan dagoen merkeena eta sukoiena da, antza denez.

Dokumentalak sutearen gaueko irudiak eta elkarrizketa esanguratsuak uztartzen ditu, eta, Peter Apps kazetariaren laguntzaz, salatzen du tragedia hura ez zela kasualitate hutsa izan, ezgaitasunaren, gezurren, zekenkeriaren eta akats sistemikoen nahasketa ilun baten ondorioa baizik. Bizirik atera zirenen eta haien senideen ahotsak jartzen ditu erdigunean: esperientzia lazgarriak, galera mingarriak eta oroimenari tinko eusten dioten kontakizunak.

Plataforma digitaletako zenbait dokumentaletan, oso ohikoa da -bereziki true crime-etan- entretenimendua zorroztasunaren gainetik jartzea; “Grenfell: Uncovered” ez da joera horretakoa. Batzuetan datu teknikoetan asko sakontzen badu ere, helburu argia du: dokumentu zorrotz eta arduratsu bat eskaintzea, errespetuz eta egiarekiko konpromiso tinkoz.

Etekin ekonomikoak giza bizitzaren gainetik jartzen diren bitartean, tamalez, halako tragediak behin eta berriz gertatuko dira.